Bilboko metroa

Dagoeneko lur azpian errotuta

Azken hilabeteetako egoerak metroari buruzko kexak eragin ditu, baina bilbotarrak, oro har, pozik daude. Hala ere, gaur egun laudatzen duten batzuek errezeloak zituzten hasieran.

amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ez da puntako ordua baina, halere, Bilboko San Mames metroko geltokitik tantaka ari dira bidaiariak sartu-irtenean. Askok erabiltzen dute garraiobidea izan lanera edo ikastetxera joateko, izan itsasadarraren ezker edo eskuinaldeko udalerrietara ostera egiteko. Arrakastatsua da Bilboko metroa, nahiz eta orain zoritxarrez izan hala, erabiltzaile batzuentzat. Metroari ikusten dizkion alde negatiboen artean, hori azpimarratu baitu Rebeca Etxebarria gazteak: «Egia da koronabirusaren kontua dela-eta nahiko beteta joaten dela. Maiztasun gehiago izan beharko luke».

Metroak 25 urte bete ditu ez preseski garairik gozoenean. Hala ere, hori da Etxebarriak duen kexa bakarra, gainontzekoari «ondo» baiteritzo: «Garbi egoten da, eta gertu dauden geltoki nahiko daude. Ez dut asko itxaron behar izaten». Egunero erabiltzen du metroa unibertsitatera joateko, eta, bonu bati esker, «nahiko ekonomiko» ateratzen zaiola nabarmendu du. Badu, ordea, etorkizunera begira egin beharreko eskaera bat: «Bilboko gune batzuetara ez da heltzen. Nire ama Euskadi plazatik gertu bizi da, eta metroa ez du gertu».

Maria Jose Llorentek «ia egunero» hartzen du metroa, eta Etxebarriak baino are kexa gutxiago ditu: «Nik ez diot inolako eragozpenik ikusten». Aitortu du puntako orduan doazenak «beteta doala kexatzen» direla, baina berak pilaketak saihesten ditu, 09:20an hartzen duelako metroa. Milagros Tazon are irmoagoa da garraiobideari dion onespena adierazteko orduan: «Metroa zoragarria da». Bezeroari arreta «bikaina» ematen dietela nabarmendu du. Gainera, duen adinarekin ospitaleak «eskura» izatea eskertzen duela dio, baita gertuko udalerrietara «erraz» heldu ahal izatea ere.

Iritzi berekoa da Adrian Carrillo: «Hogei urte daramatzat hemen, egunero hartzen dut metroa, eta zerbitzua oso ona da, inoiz ez dut arazorik izan». Gutxiago erabiltzen du Helbert Ruizek, baina bat dator lagunak esandakoarekin: «Nik denbora gutxi daramat, baina bidaiatu izan dudan bakoitzean gustura egin dut». Koronabirusaren egoera nabarmendu du Carrillok ere, baina, haren ustez, segurtasun neurriak «funtzionatzen» ari dira: «Puntako orduan hartzen dut metroa, eta agian unitate gutxi batzuk gehiago jarri beharko lirateke, baina, dirudienez, ezin dute hori egin. Hala ere, eroso eta seguru bidaiatu dezakezu». Zerbitzuaren alderdi negatibo bakarra ordaintzeko txarteletan ikusten du: bidaiarik luzeenerako dirurik izan ezean, ez du pasatzen uzten, eta gutxienez 5 eurorekin kargatu daiteke. Oraingoan ere, Ruiz ados dago berarekin: «Kargatzeko gutxieneko langa euro batean jarriko nuke».

Hasieran, eszeptiko

Gaur egun metroarekin pozik dagoen arren, inauguratu zutenean Llorente ez zegoen hain baikor. «Ondo» gogoratzen da garai horretaz: «Uste nuen Bilbok behar ez zuen gauza bat zela, leku txikiegia zela metro bat izateko». Orain, ordea, zalantza izpirik gabe dio «iritzia aldatu» duela. Hori bera gertatu zaio Tazoni: «Bada, metroa nahi ez zuten horietako bat naiz ni. Gehiegizkoa zela uste nuen, baina orain onartzen dut harrigarria dela». Haren kasuan, ordea, obrak ziren arbuioaren arrazoia. Lur azpia zulatzen ari ziren, eta horrek «beldurra» eragiten ziola aitortu du: «Nire suhiak eraikuntzan egiten du lan kofratzaile, eta esan zidan litekeena zela obretako langileren bat edo beste hiltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.