Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Poeta batzuk, ezinikusi bat eta koroa

2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Guztiok ditugu, irakurri dudanaren arabera, bestetar miretsiak apalategian eta buruan. Gehiegi pentsatu barik, bi izen agertu zaizkit begien aurrera: Jorge Luis Borges eta T. S. Eliot. Borgesen ideologia politikoa, horrelako zerbait bazuen (bai, guztiok dugu), ez zait oso erakargarria iruditzen, baina erakutsi zidanean (irakurri nionean) El hacedor liburuan poema bati Al iniciar el estudio de la gramática anglosajona izenburua jarri ziola bere egin ninduen betiko. Ipuinak poemak baino hobeak direla esaten zidan lagun batek, poesia hori gehiegi irakurtzeak kalte egingo zidala beste batek, baina gogoa Buenos Airesera edo Northumbriako Erresumara joaten zitzaidan nahi gabe. Borgesen ideologia (bai, bazuen, nola ez) kritika batzuetan agertzen dela argi dago: Atxagak kontatu zigun behin tangoen hitzak kritikatzerakoan idazlea sozialista zen ala ez asko baloratzen zuela Borges ez santuak, ezkerrekoen lanak suntsitzeko. Bide batez, ez nuen bakerik izan izenburu hori plagiatu nion arte.

T. S. Eliot poesia modernoaren paradigma da. Egia da, ezin da ukatu. Poesiari zentzu askotan buelta eman zion Eliot jaunak 1928an idatzi zuen bere ikuspuntua klasizista zela literatura kontuetarako, erregezalea politikarako eta anglo-katolikoa erlijiorako. Jakina, Eliotengan poeta eta kritikaria desberdindu behar ditugu, baina bitxia da, gutxienez, klasizismoaren aldarrikapen hori poesia moldeak errotik aldatu zituen poeta baten luman; erregezalea, agian Estatu Batuetan jaiotakoak ingelesak baino ingelesagoa izan nahi zuelako (bukaeran ohar bat erregezaletasunari buruz); anglo-katolikoa, Ingalaterrako elizakoa alegia, arrazoi berberagatik agian. Geroago, adierazpen argiegi horiek alde batera utzi nahi izan zituen. Azken buruan, T. S. Eliotek bi eremu diferenteetan mantendu nahi zituen poesia eta iritzia edo sinesmena: Dantez idatzi zuen berdin dela Dantek, poeta moduan, Santo Tomasen arimaren kontzeptuan sinesten duen ala ez, poesia egiteko erabiltzen du, eta kito. T. S. Elioten poemak, antzerki lanak eta kritika testuak berriro irakurtzen ditudanean, eztabaida horiek guztiak ahanzten ditut eta hemeretzi-hogei urterekin sentitu nuen zirrara, ez berbera, baina bai oso antzekoa, berpizten zait barruan.

Adibideak, izenak asko dira:W. H. Auden irakurtzen dudanean, gozatzen dudanean, ez zait axola idazlea poema hori idatzi zuenean marxista zen edo kristautasunaren bidean zegoen jadanik. Ezra Pound...

Eta kontrakoa? Zergatik ez zait gustatzen gustatu behar zaidan idazle hori? Kanon guztietan dago (bat baino gehiago dago), mundu guztiak gomendatzen du,gustatzen ez zaidala esaten dudanean jendeak keinu harridurazkoak egiten ditu. Baina ezin dut. Aitortuko dut hemen nire bekatu horietako bat: Ernest Hemingway. Agurea eta itsasoa ez zitzaidan batere gustatu irakurri nuenean, bukaerara arte iritsi nintzen, artean «hasten den liburua bukatu behar da» diziplina absurdoari jarraitzen bainion, baina ez nintzen liburu-denda edo liburutegi baten bila atera idazle berberaren beste liburu bat lortzeko. Geroago, toreatzaileez beteriko filmak ikusi nituen, erreportajeak aldizkarietan, testu zatiak hortik, baina Hemingwayrekin nuen harreman une bakoitzak gehiago urruntzen ninduen harengandik. Lagunen aholkuek (ipuinak irakurri behar dituzu) ez zuten ezer lortu, ezta Espainiako Errepublikaren aldeko konpromisoak ere. Penaturik, apur bat, nago: zerbait galtzen ari naizela badakit, baina nire aurreiritziak (horrela deitu ahal badiot) hor dirau. Izango ditu Hemingwayk irakurle hobeagoak. Ez nau behar, eta liburu asko dago munduan.

Erregezaletasunari buruzko oharra: bitxiak dira, bai, eta berriak, ez dakit aurrekaririk dagoen, euskal literaturaren eta koroaren, Espainiako koroaren, arteko harremanak (ez gara Nafarroako koroaz ari, ezta idazleok daramatzagun koroez ere). Eta berriak izateko nahiko normalizatuak dagoeneko, inork gutxik heldu baitio gaiari, Jon Alonsok esan bezala. Argazkiek batzuetan ez dute hitz bat bera ere balio. Ukiezina ukitzeagatik lanpostua ez, baina bai idazpostua galdu duenik badago. Horra hor arrazoi bat. Guretarren alde ilun horiek, badakizue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.