HERTZAK

Hutsa ez da sekula horren betea egon

Mikel Zumeta.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Podcasten mundua alderraia da, denboran galtzen da, sarean, uhinetan, geroan. Badira podcastak hasi eta oihartzuna lortzen dutenak, badaude desagertzen direnak, eta datuen neurrigabetasunean bit soilak balira bezala dirdira egiten dutenak. Sonarrean pultsio ahul eta dardartiaren arrasto mamuzkoa, nork topatuko dituen zain, espazioan herrari. Behin halakorik topatutakoan ez izan beldurrik, zabaldu ateak eta opera espazialaren dantzaldian sakondu.

Aste honetan La sala vacía podcasta dakart —Spotify plataforman entzungai dago—, zinemari buruzko saioa. Cadizeko (Espainia) Antonio Rosalo dugu gidari, saioaren agintean, ahotsean, zinemaren eta telesailen inguruko hurbilketa apartekoa egiteko. Gutxi dira sareratutako atalak, zortzi besterik ez. Joan den astean azkenekoa zabaldu zuten, urte eta erdiko geldialdiaren ondoren, herrari galduta geldituko zen saioa izango zela zirudienean.

Landutako filmen eta telesailen artean, Hereditary, Arrival, Ex machina, The Shining, Lost eta Bojack Horseman topa ditzakegu. Baina ez dira soilik zinemaz arituko, ikus-entzunezko sormen lana aletzeko garaian; psikologia, programazioa, linguistika, depresioa, diseinua eta tipografiak eta abar luzea landuko dituzte, gonbidatu interesgarri eta jantziekin. Solasean, ikus-entzunezko munduaren geruza desberdinak zeharkatzen saiatuko dira, ezin interesgarriagoa den lan bat proposatuz. Aski entzungarria, eduki mamitsuz betea eta garrantzitsua den zerbait, entzuleak ez du zertan zinezale amorratuen esparrukoa izan behar. Saioen planteamenduak hausnarketarako parada eskaintzen baitu. Gai bakoitzetik tira egingo dute, hari luzeak garatzeko, ikuspegi orokor eta ez horren ohikoetatik gaiari heltzeko.

Antoniok Twitterren jarraitzaile mordoa dauka, kontu dinamikoa eta edukiz betea da berea. Bertatik egin zuen jauzia podcastera. Pozgarria da oso atal berria kaleratu izana; azkenengoan, superheroien filmen psikologia landu dute. Ordu erdi eta ordubete arteko saioak dira La sala vacía-k eskaintzen dituenak. Fantasia, zientzia fikzioa, animazioa, beldurrezko generoa eta psikologia, zientzia, diseinua, uztartuko dituzte, garaikidetasuna lupaz aztertzeko. Orainean sortzen diren sormen lanen analisiarekin, geure errealitateari arrastoa jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.