Mugan ere, suari begira

Sute handi batek 7.400 hektarea erre ditu Okzitanian, eta horren eragina A-63 eta A-8 autobideetan sumatu da: Biriatuko muga itxi dute ordu batzuez, eta kamioiak zain egon dira.

Suhiltzaile bat itzaltze lanetan, Girondako departamentuan. GIRONDAKO SUHILTZAILEAK.
Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena
Biriatu
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Okzitaniako Gironda departamenduan eta Landetan sortutako suteek trabak eragin dituzte errepideetan. Herri horien heinean dagoen kearen ondorioz, A-8 eta A-63 autobideen arteko pasabidea itxi zuten kamioientzat Gipuzkoa eta Lapurdi artean, Biriatun. Asteazkeneko 21:30ean ireki zieten pasabidea ibilgailu astunei, baina atzo 07:00etan itxi zieten berriz. Bost kilometroko ilarak sortu ziren bi orduren bueltan Baionarako noranzkoan. Oiartzunerantz (Gipuzkoa) eta Dantxarinerantz (Nafarroa) bideratu zituzten kamioiak. 12:15 inguruan berriro ireki zituzten errepideak, baina hurrengo orduetan ere ilara luzeak sortu ziren Lapurdiko norabidean.



 

Mugarako bidean, hainbat kilometrotara jarri zituzten ilarak iragartzeko kartelak. Mozketaren ondorioz, kamioilari ugari muga igaro ezinik geratu ziren asteazkenetik. Horietako bat da Jose Santarel. «Frantziara noa, eta atzotik nago hemen geldirik», zioen, gasolindegi baten ondoan geratuta atseden hartzen zuen bitartean. Hain zuzen, gasolindegietan pilatu ziren pasatzea lortu ez zuten kamioi asko.

Goizean jakinarazi zioten Santareli bidea berriro zabaldu zutela, eta 06:30ean mugarako bidea hartu zuen. Ordu eta erdi eman zuen errepidean, ilara luzeetan: «Mugara iritsi naizenean esan didate berriz itxi dutela, eta buelta eman behar izan dut, berriro ere». Ardoa zeraman kamioiaren atzealdean, eta atzerapenak arazoak ekarriko dizkio: «Astelehenean jai da Frantzian ere, eta ez dakit noiz deskargatu ahal izango dudan ardoa».

Jose Maria Garciak, berriz, autoak eraman ohi ditu kamioiaren atzealdean. Bera, ordea, Frantziatik Bilbora zetorren, eta muga pasatzeko ez du arazorik izan: «Hori bai, ohi baino denbora gehiago eman dut, ilarak baitzeuden. Kamioi asko pilatu dira buelta emanarazi dietenean».

Larhun ere itxita

Sute arriskuagatik, Larhun mendia ere itxi zuten herenegun, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetaren aginduz. Gaur arratsaldera arte, debekatua izanen da han ibiltzea. Azaldu du tenperatura beroengatik eta idortearengatik suteak izateko arriskua handia dela, eta, beraz, prebentzio neurri bat dela. Izan ere, lehorteengatik, ura baliatzeko murrizketak ezarri dituzte Ipar Euskal Herrian; besteak beste, Larhun inguruko herrietan.

Horrez gain, Euskal Hirigune Elkargoak atzo arratsaldean hondakindegiak ixteko erabakia hartu zuen beroarengatik eta sute arriskuagatik, eta Angeluko (Lapurdi) bi oihan handiak ere itxi dituzte: Piñada eta Lazaret.

Joan den asteartean piztu ziren suteak, asteazkenean indarra hartu zuten, eta atzo Girondako Prefeturak jakinarazi zuen bi egunetan 7.400 hektarea inguru kiskali dituela suak inguru horretan. Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa eta Gerald Darmanin Barne ministroa herri horretan izan ziren atzo. Europako hainbat herrialderen laguntza jaso du Frantziak suteari aurre egiteko. Greziak eta Suediak sua baretzeko ura jaurtitzen duten bina hegazkin igorriko dituzte bertara; Alemaniak, Austriak, Errumaniak eta Poloniak suhiltzaileak bidali dituzte; Euskal Herriko 40 bat suhiltzaile ere han daude.

Uztailean, 10.000 hektarea

Girondan beste sute handi bat izan zen Landirasen, uztailean, oraingo suteak piztu diren inguruetan. 10.000 hektarea erre ziren orduan. Hipotesi gisa, aztertzen ari dira orduko txingarrek eragin ote dituzten sute hauek, edo norbaitek nahita piztu ote dituen. Ez dute aukerarik baztertu.

Frantzian ez ezik, Portugalen ere sute handi bat indarrean da: joan den larunbatetik 10.000 hektarea kiskali ditu Serra da Estrela parke naturalean.

Hego Euskal Herrian, berriz, alerta horiak jarraituko du gaur eta bihar, beroagatik edota sute arriskuagatik. Gaur tenperaturak zerbait jaitsiko diren arren, bero handia espero da biharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.