Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

Bi gutxiago

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Atzo eguerdian, Gasteizko Lakua auzoko bizilagun bat ohartu zen kalean zegoen zalaparta bere ezagun baten etxetik zetorrela, eta zenbaitetan agurtzen zuen andrea ez zuela berriz ikusiko. Minutu batzuk geroago, emakume batek adiskide baten mezua jaso zuen sakelakoan: «Gure laguna da hildakoa». Ordu batzuk geroago, bi haurrek jakin zuten umezurtz geratu direla: ama eta amona hilda, aita kartzelan. Bi emakume falta dira atzodanik, eta azken urteetako joera mantentzen bada, baliteke dozena erdi bat falta izatea hemendik urtea amaitu bitarte.

Indarkeria matxistaren kontagailua hutsean jarri ohi da urtarrilean, baina jakina da nekez iraungo duela zuri. Ezin asmatu non gertatuko diren hilketak, noiz eta nola; ezin asmatu nortzuk izango diren, noren bizilagunak, noren amak, noren eskolako adiskideak, edo noren alabak; ezin asmatu nori ebakiko zaion arnasa albistearen berri izatean, hurbil ala urrun suertatuko den samina. Baina jakina da gertatuko dela.

Segur aski, egungo proiektu politiko konplexuena da indarkeria matxista guztiak desagerraraztea: patriarkatua sakon errotuta dago gizartean, erakundeetan eta pertsonengan. Zalantza da ea benetan egitasmo politikorik ba ote dagoen martxan matxismoa ezabatzeko; ea serio hartzen ote diren emakumeen hitzak, izuak, bizi proiektuak, kezkak. Angela Davisek esan zuen: «Emakumeak pertsonak garela adierazten duen ideia erradikala da feminismoa». Egitasmo politiko anbiziotsu hori abiatzeko lehen urratsa da sinestea emakumeen biziek ere balioa dutela. Eta atzo, bi galdu ziren.

Mugimendu feminista indartsua du Euskal Herriak, patriarkatuaren sustraiak ondo ikertuak dituena, adituz eta arituz betea. Urteak daramatza politika publiko integral eta zeharkakoak eskatzen, proposamenak egiten, eta bere ezagutza eskaintzen. Baina Martxoaren 8an kaleak hartu zituen aldarria ez zen soilik gobernuentzat izan: gizartea osatzen duten erakunde guztiak interpelatu zituzten andreek. Tartean, gizonak ere bai: has daitezen euren pribilegioez hausnartzen eta kontziente izaten. Bortizkeria erabiltzeko libre hezten dira oraindik mutilak: boterea mantentzeko eta gatazkak konpontzeko tresna gisa baliatzeraino. Hori zintzotasunez onartu ezean, norbere eguneroko portaerei erreparatu ezean, horiek iraultzeko baliabideak bideratu ezean, balioa duten biziak galtzen jarraituko du gizarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.