SOSLAIA. Beñat Arrabit

Hizkuntza politikaren giltzak eskuan

BOB EDME

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 12
Beñat Arrabit izanen da EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentea ondoko hiru urteetan. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren eta Akitania Berriaren ostean, Euskal Elkargoko ordezkari bati zegokion erakundeko buruzagitza. Mathieu Berge Akitania Berriko kontseilaria ordezkatuko du.

Otsailean, Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako presidenteorde izendatu zuten Arrabit. «Ez naiz beldur: orri zuri bat dugu, istorio berri bat idatzi behar dugu; ez da perfektua izanen, baina aitzinatuko gara. Gure xedea da euskara bultzatzea», esan zuen. Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika publikoa bere esku izanen da.

BERRIAri eginiko adierazpenetan, hizkuntza politikaren saila «egituratzea» jarri du lehentasun: «Definitu behar dugu zein izan behar den erakunde bakoitzaren funtzioa, bata bestearen gainetik aritu ordez, elkarlanean aritu gaitezen».

Berriki, inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu ditu EEPk. Ipar Euskal Herriari dagokionez, ezagutzan elebidun kopurua atxiki da, baina, erabilera apaltzen ari da. Hizkuntza politikaren giltzak eskuan, hori izanen da Arrabiten erronka nagusietako bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna