Vicent Partal.
Kataluniako hauteskundeak. ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bada, horixe

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hauteskunde hauek ez lirateke gaur egin beharko, pandemia bete-betean. Osasun arriskuak eta emaitzari legezkotasuna kentzeko arriskuak —baldin eta abstentzioa handiegia bada— gogoeta eginarazi behar zioten Alderdi Sozialistari: hura da egoera honen erantzulea, hura izan baitzen bozak maiatzean egiteko akordioa hautsi zuen bakarra.

Eta hauteskunde hauek ez lirateke gaur egin beharko, legegintzaldiak oraindik ere urtebete inguru daukalako ibilkizun. Orain egiteko arrazoia zera da, Espainiako epaitegiek Quim Torra presidentea inhabilitatu izana, hark elkartasunez hitz egin zuelako preso politikoen eta erbesteratuen alde. 2017an gertatu zen bezalaxe, ez du Kataluniak deitu oraingo hauteskunde hauetara.

Badira hiru urte Espainiako nazionalismoak kolpea jo zuela 155.aren bidez, baina oraindik ezin izan du erorarazi Katalunia, eta gero eta urduriago dago kanpoko frontea gero eta korapilatsuago duelako: begira, esate baterako, Lavrov ministroak nolako errepasoa eman dion Josep Borrelli!

Horregatik ari dira eginahalak eta bi egiten gaurko hauteskundeetara iristerako Espainiako alderdi batek —oraingoan, PSOEk— bozak irabazteko modua izan dezan. Duela hiru urtekoak Espainiako alderdi batek irabazi zituen, Ciudadanosek, baina ez zion ezertarako balio izan, hiru talde independentistek bat egin baitzuten azkenean. Oraingo honetan, Moncloakoek espero dute batasun hori hautsi ahal izatea, eta bide ematea independentistarik bil lezakeen gobernu bati, baina gobernu independentista izan gabe.

Horretarako inhabilitatu zuten Torra presidentea, horretarako inposatu zituzten hauteskunde batzuk pandemian, horretarako antolatu zuten Illa ministroari ikaragarrizko propaganda kanpaina egitea. Baina…

Churchillek gerra irabazi zuenean, galdu egin zituen gerra bukatuta antolatu zituzten bozak. Eta, diotenez, hauteskunde gauean oso haserre zebilen haren taldea, hautesleen errespetu faltatzat jo baitzuen. Churchillek hau erantzun omen zuen: demokrazia perfektua da, baina badu huts bat, jendeak nahi duena bozkatzen duela. Bada, horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.