Koronabirusa

«Abandonatuta sentitzen dira»

Bizkaiko zahar etxeetako egoera «dramatikoa» salatu dute Babestu senideen elkarteak eta pentsiodunen mugimenduak. Baliabide gehiago eta kudeaketa «gardena» eskatu dute.

Babestu elkarteak, pentsiodunek eta Muskizko egoitzako senideek atzo eginiko manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Kezka handia dugu», laburbildu du Iraide Urrizek, Babestu Bizkaiko zahar etxeetako senideen elkarteko kideak: «Tantaka ematen digute barruan gertatzen ari denari buruzko informazioa». Egoiliarren artean atzemandako COVID-19 kasuen gaineko datuak, adibidez, «atzerapen handiarekin» jasotzen dituztela dio: «Ezinegon handia sortzen digu horrek». Alta, gardentasunik ezarena ez da senideek duten kezka bakarra: egoitzetan langileak eta baliabideak ere falta direla salatu du Urrizek. «Horrela, ezinezkoa da adinekoei kalitatezko arreta ematea». Atzo arratsaldean, manifestazioa egin zuten Babestu elkarteak, pentsiodunen mugimenduak eta Muskizko (Bizkaia) Marcelo Gangoiti zahar etxeko egoiliarren senideek, Bilboko Moyua plazatik Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino, zerbitzuaren «egoera dramatikoa» salatzeko.

Azken asteetan egoitzetan atzemandako kutsatzeen gorakada «oso larria» dela uste dute senideek, eta «esku hartzeko» eskatu diote aldundiari: «Okerrena da erakundeek ez dutela autokritikarik egin nahi, ez dutela gaizki eginikoa onartzen. Bizkaiko Foru Aldundiak dio ikuskatzeak egin dituela, eta protokoloak ondo bete dituztela. Hori ez da ulergarria. Dena ondo egin bada, zergatik ari dira positiboak gora eta gora?».

Uste dute kutsatzeen arazoaren oinarrian egoitzetako arreta soziosanitario «eskasa» dagoela: «Ratioa oso txikia zen lehendik ere, baina pandemiak ageriago utzi du arazoa», azaldu du Urrizek. Horren adierazletzat jo du zaintzaileek egoiliar bakoitzarekin ematen duten denbora: «Otorduetan, adibidez, egoiliar batzuei ahora eman behar zaie janaria, koilarakadaz koilarakada. Horrek denbora eskatzen du, baina langileek ezin dute, ez dute horretarako astirik». Ratioak handitzeko eta profesional gehiago kontratatzeko eskatu zioten aldundiari atzoko manifestazioan.

Babestu elkarteko kideak gaineratu dut egungo egoeran adineko asko «abandonatuta» sentitzen direla. «Askok ez dute burua ondo; ez dute ulertzen, adibidez, seme-alabak zergatik ez zaizkien bisitan joaten, edo zer den bisita telematiko bat: ez dakite tablet batek edo sakelakoaren pantailak hitz egiten dienik ere. Eurentzat hori ez da bisita bat».

Urrizek salatu du egoitza publiko askotan adinekoek egun osoa «sofan eserita» ematen dutela: «Begirada galduta eta ezeri jaramonik egin barik; guretzat hori ez da kalitatezko zaintza».

Horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak «bere burua zuritu» besterik ez du egiten, Babestu elkartearen arabera: «Ez du ezer egiten kudeaketa publikoa hobetzeko. Aurrekontua ez du zentimo bakar bat handitu, adibidez. Hori onartezina da». Are: kritikak azaleratu direnean administrazioa egoitzetako arduradunen aldera lerratu dela salatu du Urrizek: «Herritarron interesen defentsan aritu beharko luke aldundiak, baina gabeziaren bat salatzen dugun aldiro, gure kontra egiten du».

Egoitza pribatuak Araban

Zahar etxeak eztabaidagai izan zituzten atzo Arabako Batzar Nagusietan ere. EH Bilduk ekinbide bat aurkeztu zuen, aldundiak egoitza pribatuetan «esku har» dezan, positiboek gora egiten badute. Ikuskatze zorrotzagoak ere eskatu zituen koalizio subiranistak, «lan karga handiegia, higiene falta, osasun neurririk eza eta bestelako gabeziak» azaleratzeko.Ekinbidearen aurkako botoa eman zuten EAJk, PSEk eta PPk, eta, horren ordez, testu propio bat onartu zuten, «zentroetan zerbitzu on bat bermatzeko neurri egokiak» eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.