Herritarrek zaindu lurra

69 egun joan dira Lurzaindiak eta ELBk Arbonako laborantza lurren okupazioa hasi zutenetik. Dinamika handitu egin da, eta BOST sostengu taldea sortu dute luze irauteko asmoz.

Laborantza lurren pareko etxebizitza nagusia okupatzen ari dira Arbonan, uztailetik. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Arbona
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hutsik egona da azken hamar urteotan Arbonako (Lapurdi) Berroeta bideko etxea. Etxea bezala, pareko laborantza lurrak landu gabe egonak dira joan den aspaldian. Duela zenbait hilabete, salmentan ezarri zituen jabeak; hamabost bat hektarea lur eta hiru etxebizitza: nagusi bat eta ondoko bi bazter bastiza. Ondasuna hiru milioi eurotan erostekotan da andre bat, eta, hain zuzen, «prezio espekulatiboa» salatzeko hasi zuten okupazioa ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak. Laborantza lurrak okupatu zituzten duela 69 egun. Uztailaren 15etik goiti, etxe nagusian sartzea deliberatu zuten, eta bertan segitzen dute geroztik. Anartean, SAFER laborantza lurrak kudeatzen dituen egiturak lurrok erosteko lehentasunezko galdea egin du, 100.000 eurotan. Negoziazioek segitzen dute, eta irailaren 16ra arteko epea du jabeak lehentasunezko erosketa onartzeko ala atzera botatzeko.

Dena den, laborariek argi dute: «Gu hemen geldituko gara. Laborantza lur horiek beharrezkoak dira; hainbat baratzezain plantatzen ahal lirateke. Beharrak zilegi egiten du gure okupazioa», adierazi du Lurzaindiko kide Isabelle Capdevillek.

Ez dakite oraino zer gertatuko den. Jabeak SAFERaren proposamena onartuz gero, SAFERak ezarritako prezioan erosiko lituzke hamabi hektareako lurrak; etxeak eta gainerako hiru hektareak, berriz, salmentan uzten ahalko ditu jabeak, eta eroslegaiak, erosi. Aldiz, SAFERak ezezko erantzuna emanez gero, hainbat segida izan ditzake aferak: jabeak egiturari galdetzen ahal dio ondasun guziak erostea —ezarritako prezioa berrikusaraziz—, edo salmenta bertan behera utz dezake behin-behinean. Lurzaindia eta ELB, ordea, jukutria baten beldur dira, «legediak hutsuneak» dituenez gero. «Ez dezagun ahantz: jende horiek ez dute laborantza lurra kudeatzen; kudeatzen dutena beren fortuna da», salatu du Capdevillek.

Geroari begira

Ondoko epea, beraz, irailaren 16an izanen dute ELBk eta Lurzaindiak.«Kontaktuan gara bitartekari batzuekin, alde batera eta bestera bideratzen gaituzte. Eroslearekin ez dugu sekula lortu mintzatzea. Bilaketa abisu bat zabaldu dugu, harekin mintzatu nahi baikenuke», erran du, erdi irriz, Tttotte Elizondo ELBko laborariak. Abuztuan, erosleak Parisen duen etxebizitzara joan zen okupazioaren delegazio bat, harekin mintzatzeko asmoz. Ez zuten trukatzeko paradarik izan, baina banderola bat lotu zuten haren etxe atarian: Laborantza lurren erosketari uko egin!

Negoziazioek irauten duten bitartean, okupazioaren inguruan dinamika zabal bat sortu da. Lehenik, lurra elikatzaile bilakatu dute berriz: ekainean, aspaldian landu gabe egonak ziren lurretan baratze bat landatu zuten laborariek. Geroztik, jaiotzen hasiak dira azak, beterrabak eta mihilua. Okupazioko sukaldariek baliatzen dituzte, ekintzaileei jatera emateko.

Bizitegi nagusira ere sartu ziren, uztailean, «urrats bat aitzina» egiteko asmoz. Betoizkoa da barne guzia, obrak hasi eta bukatu gabe egon diren seinale. Okupatzaileek dena antolatu dute: egongela, haurren txokoa, sukaldea eta ganbarak: hots, bizitzeko behar den guzia ezarria dute, «beti handitzen ari den elkartasunari» esker. Hala azaldu du Paulette Marotok, okupazioa hasi zenetik astean bizpahiru aldiz hurbiltzen den herritarrak. BOST Berroetako Okupazioaren Sostengu Taldea sortu berriaren kide da: «Dinamika berri bat plantan ezarri dugu, laborariei sostengua ekartzeko». Iraileko egun oroz, herri batek izanen du okupazioa atxikitzeko ardura. Astelehenero bilkura publikoak antolatzen ditu kolektiboak, okupazioa biziarazteko erronkarekin. Hitzaldiak, film proiekzioak, kontzertuak eta haurren egunak antolatzen dituzte, eta denboran irauteko asmoa dute.

Elkartasuna ardatz

Elkartasun seinale, herri mugimenduen bilgune izan den Iraultza Txikien Akanpadako bi laguntzailek komun idorrak ekarriberri dituzte Arteagatik (Bizkaia) Arbonara. Andere Ormazabal Joxemi Zumalabe fundazioko kideak eta Mikel Gomez Sukar Horia taldeko kideak trukaketa prozesua aipatu dute: «Iraultza Txikien Akanpadan EHZ festibaleko komun idorrak erabili genituen. Lurzaindiko kideek eskatu dizkigute gero, eta ekartzera etorri gara». Aitzinetik izana zuten gertatzen ari denaren berri. Ormazabal: «Lurzaindiko kideak gonbidatu genituen akanpadara. Tamalez, ezin izan ziren etorri, baina hitzaldian aipatu genuen okupazioa, eta herritarrei ere dei egin genien borroka honetara batzeko».

Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zubiak egiteko ere balio du trukaketak, haren ustez: «Erabateko elkartasuna da. Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak lantzen saiatzen gara; batzuetan zaila da, baina horrelako ekinaldiek balio handia dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.