Mugimenduen artean ikasten

Communia autonomia eta kontrabotere jaialdia egiten ari dira Arteagan (Bizkaia), lau egunez. Mugimendu sozialen dinamikez aritu dira, besteak beste.

Communia autonomia eta kontrabotere jaialdia egiten ari dira egunotan Arteagan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Arteaga
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Gure entsegu sozialak arau gutxi ditu: matxismorik eta arrazakeriarik ez, eta kodizia gutxi». Horrela azaldu du Artea Sareko Mikelek —ez du abizenik eman— bere taldearen esperientzia. Arteagan (Bizkaia) bildu dira hainbat talde, mugimendu, sindikatu sozial eta norbanako euren eta gainerakoen esperientziez hausnartzeko, eta eurenean sortzen diren botere harremanei eta dinamikei buruz pentsatzeko. Eztabaidak, tailerrak, dantza eta jaia antolatu dituzte Communia, autonomia eta kontrabotere jaialdia deitu duten horretan. Lau eguneko jardunaldiak dira, eta uztailaren 31ra arte egongo dira han.

Batez ere Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik bertaratu da jendea, eta Europatik kanpoko etorkinek ere parte hartu dute saioetan. Feminismoa, elikadura burujabetza, migrazio sareak eta arrazakeriaren aurkako mugimenduak izan eta izango dituzte hizpide jardunaldietan, besteak beste. Antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, 150 eta 200 pertsona artean joan dira, eta itzulpengintza lantalde baten laguntzarekin bermatu dute mahai inguruetako batzuk ele bitan izatea.

Hitzaldietako batean, mugimendu sozialez hausnartu dute, eta hainbat partaidek bakoitzaren kolektiboa aurkeztu dute. Estatuarekiko harremanean sakondu du Artea Sareko Mikelek, eta bere taldearen ibilbidea azaldu du. 120-150 pertsonak osatzen dute, eta «elikaduraren ekonomiari lotutako enpresa sozialak» dauzkate. «Nahi duguna da ekonomia propioa izan, gurea. Saiatu nahi dugu autonomoak izaten, ahalik eta gehien», azpimarratu du. Azaldu duenez, «beste eredu batzuk proposatuz», sistemari «desobeditzen» diote. Haien jardunaren alde batzuk legalak dira —baldintza guztiak betetzen dituen denda bat daukate— eta beste batzuk, ilegalak.«Lege barrukoa eta legez kanpokoa uztartzen ditugu naturaltasun osoz», gehitu du. Mugimendu sozialen erretorikaz eta praktikaz aritu da, eta esan du askotan praktika «gaitzagoa» dela. «Harrera etxe bat egiten ari banaiz, eta ez baldin badut zeozer egiten transformaziorako, ez badut desobeditzen, ez badut gauza benetan politikorik egiten hori aldatzeko, estatuari laguntzen ari naiz, estatuaren lana arintzen».

Manresako (Herrialde Katalanak) Les Aamas taldea aurkeztu du Anak. Hirian ia 80.000 biztanle dira, eta etorkinen %25 inguru Afrika iparraldekoak dira. Etxebizitza eskubidea defendatzen hasi zen taldea, eta, ondoren, herri eskolak sortu zituzten etorkinek katalana eta espainola ikas zitzaten. «Gerora, arabiera eskolak sortu genituen, guretzat». Les Aamas talde feminista gisa eratu zen, «bortizkeria patriarkalari» aurre egiteko, «baina baita estatu patriarkalaren bortizkeriari ere, izan lan bortizkeria edo izan borroka barruan gertatzen dena».

Garaipen «partzialak»

Etxebizitzari buruz jardun du Madrilgo Maizterren Sindikatuko Javik ere. Azaldu du Madrilen «desobedientzia estrategia» bat abiarazi zutela alokairuen garestitzeari aurre egiteko: «Kontratua amaitzean, geratu egiten gara [etxebizitzan]. Egoera juridiko berezi bat sortzen da,eta gaitasuna ematen digu sindikatuetako praktikak martxan ipintzeko ugazabei presio egiteko, eta negoziazio kolektiboei bide emateko prezioak mantentze aldera».

Madrilgo Maizterren Sindikatuak lortu du etxebizitza batzuetan auzokoek desobedientzia ariketa hori egitea eta «borroka prozesu horiek sortzea». Kideak azaldu duenez, AEBetako Blackstone putre funtsa garaitu zuten horrelako negoziazio kolektibo batean, baina borroka bakoitza «partziala» dela esan du. «Banan-banan egin behar ditugu, eta indarrak metatzen ditugu, baina ez da nahikoa aldaketa errealagoak egon daitezen».

Juanjok Madrilgo Carabanchel barrutian daukaten EKO proiektua aurkeztu du. «Herri gimnasio bat» daukate —batez ere arte martzialak egiten dituzte— eta hartan parte hartzen du. Nabarmendu du «oso gaitza» dela parte hartzea asanblada batean sartzean edo militantziarako gune bat hasieratik erosoa izatea, eta «kodeak» ez direla berak jolasteko orduan. «Gure 'herri gimnasioetan' kirol harremanak aprobetxatzen ditugu militantziarako espazio bat sortzeko. Kirolaren bitartez lortzen dugu komunitateak eraikitzea eta militanteei aisialdirako aukera ematea», adierazi du. Haren berbetan, sistema bera aisialdiaren bidez ere erreproduzitzen da, andreentzako eta gizonentzako kategoriak ezarriz eta olinpiarrak eta paralinpiarrak bereiziz, «perspektiba kapazitista batetik abiatuta». Indarrean dagoen sailkapen hori iraultzen saiatzen dira militantziaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.