Errail anitzeko bakebidean

Foro Sozialak antolatuta, «elkarbizitzan sakontzeko aukerak eta oztopoak» aztertu dituzte Guillermo Mujika teologoak, Vicente Madoz psikiatrak eta Camino Osle irakasleak.

Foro Sozial Iraunkorraren mahai inguruan parte hartu zuten adituak, atzo, Kondestablearen jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Oroimenaren eta gatazken alorrean, ez dago kontakizun bakar bat, kontakizun ugari baizik. Denak dira mugatuak eta partzialak, gizartean begirada eta perspektiba anitz dauden heinean; hortaz, inork ez luke kontakizun ofizialaren bandera beretzat hartu behar». Guillermo Mujika teologo eta Gogoa foroaren sortzaileak esaldi bakarrean laburbildu zuen atzo Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako mahai inguruaren xedea: kontakizun ezberdinen uztarketa oinarri gisa hartuta, bakebidean sakontzea.

Mujikarekin batera, beste bi aditu eseri ziren Iruñeko Kondestablearen jauregiko mahaian: Camino Osle pedagogian doktore, NUPeko irakasle eta PSNko politikari ohia, batetik; eta Vicente Madoz psikiatra, unibertsitate irakasle eta Argibide fundazioaren sortzailea, bestetik. Joseba Santamaria Diario de Noticias egunkariko zuzendaria aritu zen moderatzaile lanetan.

Horien aurretik, hitza hartu zuten Espe Iriartek eta Fernando Armendarizek, Foro Sozialaren izenean. Nabarmendu zuten hasi berri den 2019-2023 legealdiak balio behar duela «Nafarroan elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko». Horretarako, gizartearen gehiengoak babestutako bidea lehenesteko beharra aipatu zuten, «irabazleen eta galtzaileen logika ezarri nahi dutenen aldean». Zehazki, «bizikidetza inklusiboan oinarritutako konponbidea» hobetsi zuten Foro Sozialeko kideek, «etorkizuna izan dezakeen eredu bakarra delako».

Haren mintzaldian, Mujikak azaldu zuen ezinezkoa dela «iragan bortitz baten zama» gainetik kentzea, eta, askotan, elkarbizitzarako oztopo bihurtu dela hori: «Arerioari gizatasuna ukatzea, jarrera politiko manikeoak lehenestea, autokritikarik ez egitea eta autoritarismoan nahiz dogmatismoan labaintzea, horiek dira gure iraganak eragiten dizkigun arazoetako batzuk».

Oztopo horien aurrean, gizarteak «une oro bere burua deseraikitzeko eta beste era batera eraikitzeko beharra» duela esan zuen teologoak. Bide horretan, ezinbestekotzat jo zuen biktimak eta kaltegileak aitortzea, ohiko diskurtso «manikeoetatik» aldenduta: «Biktimak erdigunean jarri behar ditugu, eta egia, justizia eta aitortza bermatu, baina horrek ez du esan nahi biktimek ez dutenik autokritika egin behar. Era berean, kaltegileen kontzeptu absolutuak, gaiztotasuna berezkoa dutela dioten diskurtso horiek, alboratu behar ditugu».

«Benetako justizia bat» eraikitzeko beharraz ere mintzatu zen Mujika, «inpunitatea errotik erauziz» eta, punitibismoaren ordez, «eskuzabaltasuna» oinarri hartuta.

Teologoaren ostean, Camino Osle irakasle eta PSNko politikari ohiak hartu zuen hitza. «Garaipen zanpatzaileen logika» gainditzeko deia egin zuen, «etorkizuna besteekin ehundu» behar dela iritzita: «Gizarteak inplikatu beharra dauka, baina beldur naiz ez ote dugun gure iritzi berekoekin soilik hitz egiten, eta entzun nahi dugunari soilik erreparatzen». Horren aurrean, «enpatia eta zaintza» lantzea galdegin zuen.

Bestalde, politikaren balioa ere goretsi zuen Oslek: «Gaur egun oso gaizki ikusia dagoen arren, gizakiak egin dezakeen lanik garrantzitsuenetako bat da politika: guztiona den res publica horren alde lan egitea».

Azkenik, gizartean erroturiko indarkeria «ohikoaz» solastatu zen Vicente Madoz psikiatra iruindarra. Haren esanetan, «ezinezkoa» da indarkeria erabat erauztea edozein gizartetatik, «baina murriztu daiteke, eta horretara jo behar dugu: bake sozialerako bidean jarri, inperfektua bada ere».

Horretarako, Madozek ezinbestekotzat jo zituen komunikazioa eta elkarrizketa, «ez baitago bakerik elkarrizketarik eta enpatiarik gabe».

Biktimak, parlamentuan

Atzokoa ez da Foro Sozialak Nafarroan antolatu duen ekitaldi bakarra. Azaroaren 26an beste mahai inguru bat eginen dute Nafarroako Legebiltzarrean, Elkarbizitza eraikitzeko entzun, biolentzia desberdinen biktimen testigantzak izenburupean. Batetik, Roberto Manrique ETAren biktima izango da, eta, bestetik, Idoia Zabalza, estatuko indarkeriaren biktima izan zen Mikel Zabalzaren arreba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.