Berdintasunaz ikasteko tresna

Emakundek bi masterri eman die Berdintasun saria, «erreferente» bihurtu direla argudiatuta; bat EHUrena da, eta bestea Deustuko Unibertsitatearena. Gaur jasoko dute aitortza.

Arantza Campos eta Arantxa Elizondo, EHUren masterraren arduradunak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Donostia
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Berdintasunaren kontzeptua ikuspuntu erabat feminista batetik eraikitzeko» sortu zuten EHUko hainbat irakaslek Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak izeneko masterra. Hala definitu du egitasmoaren funtsa Arantxa Elizondo EHUko irakasleak; masterraren arduradunetako bat da, Arantza Campos EHUko irakaslearekin batera. Bihar jasoko dute Emakunderen aurtengo Berdintasun saria. Deustuko Unibertsitatearen Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko masterra ere saritu du erakundeak; epaimahaiak«erreferente» bihurtu izana aitortu die bi masterrei.

Deustuko Unibertsitatearen masterrak indarkeria matxistaren eremuan diharduten profesionalak trebatzen ditu; unibertsitate publikoan, berriz, berdintasun teknikariak prestatzen dituzte. Camposek gogora ekarri ditu EHUren masterraren hastapenak: «Sekulako gabezia zegoen feminismoaren arloan; ez soilik hezkuntzari dagokionez, baita lan munduan ere. Emakunde orain dela 22 urte hasi zen berdintasun politikak lantzen, eta konturatu zen arlo hori jorratu nahi zuela, baina jendeak ez zuela horretarako formakuntzarik. Emakundeko zuzendariak esan zigun master bat prestatzen bagenuen hark lagunduko zigula. Eta horrela hasi ginen lanean». Adierazi du oinarrizko bi baldintza zehaztu zituztela masterrari ekiteko: batetik, «kalitatezko formakuntza» izan behar zuen masterrak, «diziplinartekoa», eta, bestetik, «lan egitera, agente izatera» bideratua egon behar zuen.

Izan ere, Camposek azaldu duenaren arabera, hiru arlotan lan egin ahal izateko dago zehaztua masterraren edukia: hezkuntzan, administrazioan eta enpresetan. Halere, irakaslearen aburuz, lan munduan hiru arlo horiek ez dute erantzun bera: «Hezkuntzan sartzea beti izan da zailagoa, baina beharrezkoa da berdintasuna hor txertatzea. Ikastaro berezi bat ere sortu dugu horretarako, baina ez dugu lortu kontuan hartua izatea lanpostu batera aurkezteko garaian».

Derrigorrezko praktikak egin behar dituzte ikasleek, eta ez dute master amaierako lanik egin behar. «Hasieran oso zaila zen praktikak lotzea. Gaur egun berdintasun unitateak ditugu, baina lehen ez zegoen ezer ere», azaldu du Camposek. Elizondok masterraren helburua praktikekin lotu du: «Gure masterra bideratuta dago lan egitera, eta horregatik ditugu derrigorrezko praktikak. Lan mundurako sarbidea eskaini nahi du, eta, horretarako, iruditu zitzaigun askoz ere erabilgarriagoa zela praktikak egitea master amaierako lan bat baino».

2001an hasi zuen bidea EHUren masterrak, baina Elizondok esan du eskariak gora egin duela nabarmen azken urteotan: «Aldaketa kuantitatiboa azken bi urteotan gertatu da gehienbat. Eskariak gora egin du; jende asko geratu da kanpoan. Horrek esan nahi du badagoela masterra egiteko nahia edo beharra». Masterrak 45 toki inguru eskaintzen ditu urtero, eta azken bi urteotan ehun ikasle inguruk eman dute izena. Ikasleen profilari dagokionez, askotarikoak direla azpimarratu du Elizondok: «Betidanik izan da aniztasuna. Ikuspuntu zabal batetik, aniztasun horrek ematen dio erakargarritasuna, eta azpimarratuko nuke diziplinartekotasunak ematen diola izaera».

Camposek zehaztu du izena ematen dutenen artean aldea dagoela sexuaren arabera: «Hasieran, ikasleen profila feminista zen, oso argi. Hogei ikasle inguruk ematen zuten izena. Gainera, beti egon izan dira emakumezko gehiago gizonezko baino, baina gero eta gizon gehiago daude». Azaldu du ikasketen formatuak ere eragina duela ikasle kopuruaren igoeran: «Masterra martxan jarri genuenean, bi urtekoa zen, eta, gainera, presentziala. Oso gogorra zen, eta garestia, noski. Pixkanaka, neurtu egin dugu». Gaur egun, urtebeteko masterra eskaintzen du EHUk, eta erdi presentziala. Camposek adierazi duenez, horrela masterra egitea «errazagoa» da lanean ari direnentzat: «Oso pozik gaude horrekin».

Edukiak gizarteratzera

Bi irakasleak bat etorri dira edukien antolamenduari dagokionez. «Edukiari dagokionez, daukaguna mantendu egingo dugu. Segur aski, pixkanaka moldatu edota sakondu egingo ditugu eduki batzuk, baina betiere hiru helburu horiek mantenduz: administrazioa, hezkuntza eta enpresen mundua», azaldu du Elizondok.

Orain arteko dinamikarekin jarraituko dute, eta Elizondok gehitu du azken urteetako helburua unibertsitateaz harago doala: «Azken bi urte hauetan saiatu gara eskola barruko edukiak kalera ateratzen, sare sozialen bidez eta. Batzuetan, pena ematen digu ikusteak eskoletan dugun aberastasuna hor gelditzen dela, eta uste dugu lantzen ditugula gizartearentzat oso interesgarriak izan daitezkeen gaiak. Gure asmoa da daukaguna gizartera zabaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.