Ez dituzte auzoan nahi

Jarauta kaleko ostalari bati emandako jipoiak hautsak harrotu ditu Iruñean. Bizilagunek salatu dute droga-trafikatzaile talde bat dagoela eraso horren atzean, eta protesta egin dute.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Erasoak, liskarrak, mehatxuak, protestak... Iruñeko Jarauta karrikako giroa gaiztotu egin da azken hilabeteetan. Kale horretako 13. zenbakian okupatutako etxebizitza bat dago ekaitzaren begian: izan ere, droga saltokia da etxebizitza hori, Alde Zaharreko bizilagun eta eragile sozial anitzen arabera, eta, areago, azken asteetan liskarrak izan dira. Azkena, joan den larunbat goizaldean.

Gizon talde batek jipoia eman zion Katu tabernaren jabeari, Bixente Gil iruindarrari. Erasoa tabernan bertan gertatu zen —okupatutako etxetik hamar bat metrora—, 04:00 aldera: ostatua itxi ondoren, hainbat lagun agertu ziren atarira, atea ostikoz bota eta eraso egin zioten; aurpegian jo zuten, eta matrailezurra hautsi. Konortea galduta eraman zuten ospitalera.

Iruñeko Udalak ohar batean azaldu du ostalariari eraso egin ziotenek ustez «harremana» dutela etxebizitza hori okupatu dutenekin. Hiri Bizigarri eta Etxebizitza alorrak urtarrilean aurkeztu zuen epaitegian etxebizitza husteko eskaera —okupatutako eraikina udalarena da, eta larrialdi sozialerako etxebizitzak egin nahi dituzte bertan—, baina, oraingoz, epaileak ez dio biderik eman eskari horri.

Egunotan, tentsioak goia jo du Jarautan, eta ika-mika ugari izan dira bizilagunen eta ustezko droga trafikatzaileen artean. Larunbat iluntzean, ehunka lagunek protesta egin zuten 13. zenbakiko atariaren aurrean. «Justizia herritarra» eta «alde hemendik, utzi bakean» leloak oihukatu zituzten. Udaltzainak agertu ziren, eta tentsio uneak ere izan ziren. Azkenean, 01:00 aldera, etxebizitzan zirenetako batzuek alde egitea erabaki zuten, bizilagunen presioaren ondorioz. Oraingoz, udaltzaingoak ez du inor atxilotu, baina Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, auzitegira bidali du asteburuko gertaerei buruzko informazioa, ikerketa abiatu dezan.

Larunbatekoa ez da hautsak harrotu dituen gertakari bakarra. Apirilean, emakume batek salatu zuen bortxatu egin zutela etxebizitza horretan. Hiru gizonezko atxilotu zituzten orduan, baina, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ostean, behin-behinean aske utzi zituzten. Prozesua zabalik dago Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegian.

EH Bildu, hustearen alde

Hainbat eragilek salatu dute azken hilabeteetan Jarauta kalean zer gertatzen den. Okupazioaren aldeko mugimenduak, esate baterako, gogor salatu du larunbateko erasoa, eta Maravillas gaztetxeak mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen sare sozialetan. Larunbatean, Alde Zaharreko hainbat ostatuk ordubete itxi zituzten ateak, Katu tabernaren jabeari sostengua adierazteko.

EH Bilduk ere elkartasuna adierazi dio Jarautako ostalariari: «Ezin gara geldirik geratu bere negozioa aurrera ateratzeko borrokatzen den langile baten kontrako eraso bat ikusirik». Auzitegiei mintzatu zaie koalizioa: «Arreta jarri beharko lukete kale honetan gertatzen ari den elkarbizitza arazoan». Koalizioaren esanetan, udalak urtarrilean eginiko hutsarazte eskaera «azkartu» egin beharko lukete epaileek: «Pertsona horiek izan ditzaketen arazo zehatzei kasu egin beharko zaie. Baina, hortik harago, kale horretan arazo sozial bat dago, eta guztion artean aterabide bat eman behar diogu».

EH Bilduren arabera, konponbidea «gogoetatik eta elkarrizketatik» abiatuta helduko da, baina Alde Zaharrean «bizi, lan egin, militatzen eta haien aisia aurrera eramaten duten pertsonen segurtasuna eta eskubideen errespetua helburu izanda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.