Plan bat ozonoarentzat

Ekologistak Martxan-ek Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako salaketaren eraginez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ozono mailak murrizteko plan bat egin beharko dute.

Hiri handietako kutsadurari erreparatzeko eskatu diete gobernuei. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kutsadura atmosferikoa murrizteko planak egin beharko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, indarrean dagoen legea betetzeko. Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 22an argitaratutako sententziaren arabera, legedia betetzen ez duten autonomia erkidegoek beren planak egin beharko dituzte; horien artean aipatu ditu berariaz Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobenrua.

Ekologistak Martxan taldeak urteak daramatza kutsadura atmosferikoaren kudeaketa falta salatzen. Airearen kutsadura medio, Auzitegi Gorenera jo zuen. Ekologisten ustez, erkidegoek gai hori txarto kudeatu dute, eta horregatik erabaki dute auzitara jotzea. Baina hori egin aurretik, Ekologistak Martxan taldea ahalegindu zen erkidegoekin hitz egiten, gobernuek planak egin zitzatela eskatzeko; Miguel Angel Ceballos Ekologistak Martxan-eko kideak BERRIAri azaldu dionez, bi eratako erantzunak jaso dituzte: erkidego batzuek Espainiako Gobernuak bere mendeko lurraldeetarako plangintzarik ez duela esanez aldendu dute gaia; beste batzuek ez dute inolako erantzunik eman.

Espainiako erkidegoetako gobernuen interes falta ikusita hasi zuten ibilbide judiziala, eta Auzitegi Gorenak argitaratu berri duen sententzian, talde ekologistaren eskaeraren alde egin du Auzitegi Gorenak. Hortaz, kutsadura atmosferikoaren legedia betetzen ez duten erkidego guztiek sortu beharko dituzte kutsatzaile horiek murrizteko planak.

Ekologistak Martxan-ek dioenez, Euskal Herriaren kasuan, landa eremuetan dago arazorik handiena. Hiri handiek sortutako kutsadura, itsas haizearen ondorioz, landa eremuetaraino zabaltzen delako. Eguzki erradiazioaren faltak ozonoaren eraketa moteltzen duen arren, udaberriko eta udako egunik beroenetan ozono kantitate ugari metatzen da eremu horietan.

Ceballosek positibotzat jo du sententzia. 2010. urtetik dabiltza elementu horren kudeaketari buruzko ardurak eskatzen, eta «lan askoren» ondorio gisa hartu dute emaitza. Kutsadura atmosferikoaren aurkako «pauso handi bat» dela ziurtatu dute, legedia betetzen ez duten gobernuek beren planak osatzeak ozono kantitateen murrizketa ahalbidetuko duelako.

Epaiaren haritik, airearen kutsadura hizpide hartuta, Ekologistak Martxan taldeakbeste eskaera batzuk ere egin dizkie gobernuei eta gizarteari: aire kalitateari buruzko informazio fidagarri, ulergarri eta eguneratua igortzea, garraio jasangarriak erabiltzea, etxeko kutsadura ohiturak murriztea eta ozono maila jaisteko planak osatzea. Horri lotuta dago Auzitegi Gorenak eman duen sententzia.

Ozono troposferikoa

Ozono txarra ere esaten zaio ozono troposferikoari. Elementu kutsagarria da. Oxidazio handia duen material hori da, aireari dagokionez, elementu kutsagarri guztien artean gehien hedatua. Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu du osasun arloan «garrantzi handia» duen elementua dela, pertsonentzat kaltegarria delako.

Kutsatzaile hori ibilgailuek, industriak edota berogailuek isuritako gasek sortzen dute, eta elementu hori arnasteak kalte ugari eragiten dizkie pertsonei. Luze gabekoak edo luzera begirakoak izan daitezke; besteak beste, honako ondorio hauek izan ditzakete: begietako narritadurak, arnasketa gaitasuna murriztea... Gainera, ingurumenari ere ez dio mesederik egiten.

Ozono kantitateak jaitsi ahal izateko, garraio gidatuen erabilera jaitsi, industriako tekniketan berrikuntzak egin eta efizientzia energetikoa bermatu behar dira. Diesel bidez funtzionatzen duten garraioen erregulazioa ere oso garrantzitsua dela deritzo talde ekologistak.

Bestalde, ozono mailarik handienak eguerdian eta arratsean izaten direnez, elementu kaltegarri hori arnastea ekiditeko, eguneko ordu horietan kirol jarduerarik ez egitea gomendatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.