Poroxenko eta Eskuin Sektorea, aurrez aurre

Ukrainako presidente Petro Poroxenkok indar paramilitarrak deuseztatzeko egin duen proposamenak Eskuin Sektorearen eta Kieveko gobernuaren arteko gatazka piztu du azken asteotan

Eskuin muturreko militanteek iragan asteartean eginiko manifestazioa, Kieveko Maidan plazan. ROMAN PILIPEY / EFE.
Kiev
2015eko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Giroa asko goritu da azken egunotan Ukraina aldean, eta ez bakarrik herrialdea iparraldetik hegoaldera astindu duen bero bolada latzagatik. Arlo politikoan, Petro Poroxenko presidenteak indar paramilitarrak deuseztatzeko berriki egin duen proposamenak ere hautsak harrotu eta aurrez aurre jarri ditu Kieveko gobernua eta orain arte hain baliagarri izan zaizkion muturreko taldeak. Tentsio hori erraz ikusi ahal izan da azkeneko egunotan Kieveko Maidan plazan. Duela urtebete Viktor Janukovitx presidentearekin bukatu zutenistilu larrien kokaleku, muturreko taldeen gotorleku bihurtu da Kiev hiriguneko plaza. Han daude Azov, Aidar edo Donbass batailoietako kideak, orduko istiluetan eta Donbasseko gerran bizitza galdu duten burkideen argazkien ondoan. Itsulapikoa eskuan, eta beti arrazoi humanitarioa aitzakia moduan erabilita, kievtarren edo tarteka plazatik agertzen diren Mendebaldeko turista apurren artean indar paramilitarren aldeko dirua eskatzen pasatzen dute arratsaldea militante eskuindarrek.

Airean jartzen dituzten banderek, lema nazionalistek eta ikus daitezkeen kalaxnikov motako fusilek, baina, talde horien asmoa bakezaletasunetik urrun dagoela erakusten dute; eta etorkizunean Ukrainako politikan izan dezaketen eraginagatik kezkatuta dago orain gobernua. «Estatuak biolentziaren monopolioa mantendu behar du», adierazi zuen joan den astean presidenteak Radan, Ukrainako Parlamentuan, Eskuin Sektoreak mendebaldeko Transkarpatia eskualdean eragindako istiluen harira. Joan den uztailaren 12an, eskualde horretako Mukaxebo hirian hiru hildako izan ziren Eskuin Sektoreko eta gobernuko indarren artean gertatutako tiroketan. Transkarpatiak Europako Batasuneko lau herrialderekin muga egiten du; Errumaniarekin hegoaldean, Hungariarekin eta Eslovakiarekin mendebaldean, eta Poloniarekin iparraldean. Eskualdea kontrabandorako kokagune apropos bihurtzen du horrek. Bada, Eskuin Sektoreak dio militante armatuak tabako kontrabandoaren kontra borrokatzeko bidali dituela, baina Kievek negozio horren gaineko kontrola hartzeko asmoa ikusi du eskuin muturreko militanteen jarreran.

Horregatik, eta ustezko ekintza kriminal horiek aitzakia moduan hartuta, Poroxenkok orain eskatu du talde paramilitarren desagertzea. Badira, baina, sakoneko beste arrazoi batzuk presidenteak orain arte aliatu garrantzitsu izan zituen taldeen kontra jotzeko. Mukaxeboko gertakarien ostean Eskuin Sektoreak Ukraina zabaleko hirietan antolatu dituen protesta kanpaldiek erakusten duten moduan, muturreko taldeek herrialdea ezegonkortzeko ahalmen handia izan dezakete; eta Kievek ez du nahi bere ahalmena murriztuko lukeen talderik.

Kolomoiski oligarka

Bestetik, ezin dira ahaztu Eskuin Sektoreak Igor Kolomoiski oligarkarekin—Poroxenkoren arerio nagusia da— dituen loturak. Kolomoiski eta presidentea muturtuta daude pasa den martxoan Poroxenkok beso luzeko oligarka Dnipopetrovskeko gobernadore kargutik kendu zuenetik. Orduko horretan, Kolomoiskik hordagoa bota zion Poroxenkori, eta bere milizia pribatuak Donbassetik Kievera bidali zituen Ukrainako gas konpainia nazionala bereganatzeko asmoz. Egun batzuetako tentsioaren ostean, presidentearen kontrako lehia galdu eta etxera alde egin behar izan zuen Kolomoiskik. Hor egon daiteke, beraz, Poroxenkoren jarrera ulertzeko beste gakoetako bat. Herrialdea egonkortzeko indar paramilitarren eragina murriztearekin batera, Kolomoiski moduko barne arerioen eragina ere murriztea bilatuko luke.

Bien bitartean, muturreko ekintzaileak jo eta su dabiltza. Joan den asteartean indar erakustaldia egin zuten Kieveko Maidan plazan, Dimitro Jarox taldeko liderra buru zutela. 3.000 militanteren aurrean, Poroxenkoren gobernuaren lana epaituko duen herrialde mailako erreferenduma egitea proposatu zuen Jaroxek. Bere mugimenduak Ukrainako kaleetan duen eraginaz jabetuta —Eskuin Sektoreko postu eta kideak Ukrainako hiri nagusi gehienetan errazaurki daitezke—, presidentearen kontrako lehia luzatzearen aldeko apustua egin du orain, eta ikusi egin beharko da irabazle irtengo ote den edo ez.

Horrela, eta Janukovitx presidente ohiari gertatu zitzaiona gogoan duenez, Poroxenkok bere burua balizko estatu kolpe batetik libratu gura du; Janukovitx gobernutik kendu zuen mugimendua «konstituzioaren kontrakotzat» jo dezala eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari .

Kontrako barne egoera horren aurrean, kanpoko aliatuen laguntza bilatu du beste behin presidenteak. Pasa den uztailaren 16an eta 17an, AEBen bisita jaso zuen Kieven Poroxenkok, bere aliatu nagusiarena. Ukrainako Gobernuari Donbasseko gerrarako babesa eskaini zion Victoria Nuland Estatu idazkariordeak. Hori bakarrik ez, eta Minskeko akordioak bete eta Luhanski eta Donetski estatu berezia onartzeko agindua eman zion. Aukera bikain aprobetxatu zuen Eskuin Sektoreak presidentearen kontra egiteko berriz. «Separatisten aldeko neurriak hartzen dituen bitartean, Mukaxebon abertzaleen kontra egiten du presidenteak»,salatu duJaroxek.

Nazionalismoa, gora

Kontuz ibili beharko du Poroxenkok. Azken urteetako nazionalismoaren gorakadaren isla besterik ez dira Eskuin Sektorea eta bere tankeran Ukraina zabaleko kaleak hartzen dituzten gainerako eskuin muturreko mugimenduak. Maidango protesten ostean eraikitako botere politikoak mugak jarri dizkienean, baina, hortzak erakutsi eta haientzat dituzten esparruak defendatu dituzte.

Estatuaren eta Eskuin Sektorearen arteko talka ia saihetsezina da, Poroxenkok muturreko indarrak armagabetzeko asmoak baititu eta Eskuin Sektorea, berriz,presidentea kargugabetzeko erreferenduma antolatzeko lanetan baitabil. Denbora kontua besterik ez da izango.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.