CSKA Mosku 68-78 Baskonia

Ilusioa berpiztu da Moskun

Baskoniak oso oldarkor jokatu du, eta pista faktorea lapurtu dio CSKAri (1-1). Serieak beste bi partida izango ditu gutxienez, eta Gasteizen jokatuko dira

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
CSKA Mosku. Rodriguez (14), Higgins (15), Clyburn (14), Kurbanov (7), Hunter (4) —hasierako bostekoa— Hackett (2), De Colo (6), Ukhov, Petters (2), Higgins (2), Hinez (4), Bolomboy eta Vorontsevitx.

Kirolbet Baskonia. Huertas (1), Shields (15), Garino (11), Xengelia (7), Voigtmann (4) —hasierako bostekoa— Vildoza (7), Janning (3), Hilliard (16), Jones (), Poirier (14) eta Diop.

Markagailua. 18-27, 37-42 (atsed.);.Epaileak. Belosevic, Boltauzer eta Paternico. kanporaturik ez. Bestelakoak. 7.512 ikusle Megasport Arenan.

Baskoniak eta haren zaleek behar zuten ilusio bultzada hori jaso dute. Euroligaren Lauko Finala Gasteizen jokatuko da, eta etxeko taldea Europako saskibaloi festa handian anfitrioi huts baino gehiago izan daitekeela sinetsi beharra zuten. CSKA Mosku, baina, adiskide txarra da animoa pizteko, hark ez baitu apurrik uzten bidean; atzo, ordea, bizkarrekoa jaso zuen etxean. Ondo merezita, gainera, Baskoniak partida handia egin baitzuen, eta, beste ezeren gainetik, oldarkor jokatu baitzuen. Final-laurdenetako seriea orain bana dago, edo, beste modu batera esanda, Gasteizko taldeak pista faktorea ebatsi dio CSKA ia ahalguztidunari.

Baskoniaren zaleak bi konpromiso ditu gorriz markatuta hurrengo astean: asteazkena eta ostirala, biak 20:30ean. Egun eta ordu horietan inork ez diezaiola deitu: alferrik izango da. Duela hiru egun erdi erabakita zirudien serieak beste bi borrokaldi izango ditu gutxienez. «Gasteizen bi partidak irabaztea oso zaila izango da, baina dakigun bezala jokatuz gero aurrera egiteko gai garela erakutsi dugu». Velimir Perasovicek analisi hotza egin zuen partida amaieran, baina xehetasun txiki bat gehitu zion: «CSKA bere etxean 68 puntuan utzi baduzu, gauza asko ondo egin dituzula esan nahi du. Pozik nago horregatik».

Hamalau urte eta hamabost partida ziren Baskoniak ez zuela CSKAren pistan irabazten. Madarikazio ia biblikoa zirudien, eta atzo ezerezean gelditu zen. Gelditu zen bainoago, Baskoniak uxatu egin zuen. Adoretsu jokatu zuen jabetza guztietan, eta, serieko lehen atalean ez bezala, hiruko marratik asmatu zuen —24 bota eta bederatzi sartu (%37)—. Partida osoan aurretik egon zen, gainera. Izan ere, ondo hasi zen: 18-27 lehen laurdenean Shieldsen sarturiko hamar puntuei esker.

Bigarren laurdenean ikusi zen Baskoniak lezioa ikasi zuela. Erasokorrago jokatu behar zuen, barnealdiak behartu eta puntuak eremuan bilatuz. Vincent Poirierrek egun ona zuela ikusi zen, eta erraldoi egin zen bi eremuetan. Hamalau puntu sartu zituen, eta hamabost errebote hartu. Atsedenaldian, Baskonia 37-42 zen aurretik, eta hein handi batean harengatik zen. CSKA, bitartean, zelatan zegoen. Partida handirik egin ez arren, bost puntugatik bakarrik zihoan galtzen.

Baskoniako pibotek falta arazoak zituzten, eta hirugarren laurdenean CSKAk estutu egin zuen. Taldeak gehien behar zituenean, gerlarien puntuak iritsi ziren: lehenbizi, Garinoren sei, eta, ondoren ,Xengeliaren bost. Baina CSKA esnatzen ari zen, eta puntu batera jarri zen (47-48, 34.min.). Puntu batera bai, baina ez zen aurretik jarri, Baskoniak ez ziolako lasai jokatzen utzi. Oldarkor jokatuta, faltak egin zituen, baina baloiak ere lapurtu zituen, eta haiei esker kontraerasoak josi. Ez zen kikildu: ezustekoa posible zela sinetsi, eta borrokan jarraitu zuen. Eta nola, gainera: 5-18ko partzial batekin bukatu zuen laurdena (58-72, 30. min.). Dimitris Itudisen haserre aurpegia ikustekoa zen.

Moskun, baina, ezer ez da erraza, ezta azken laurdenera hamalau punturen abantailarekin iristen zarenean ere. Etxekoek, epaileen laguntzarekin, asko estutu zuten, eta Baskoniak baloia galdu zuen lehen hiru erasoetan. Talde lana joan egin zen, erasoak ez ziren argiak, baina aldeari eutsi zion (58-72, 35.min.). Higgins agertu zen orduan, errenta zazpi puntura murrizteko (68-75). Baina ez gehiago; izan ere, Baskoniak ere aurkitu zuen bere bakarlari gitarra jotzailea. Jokoa trabatzen denean, talentua bilatu behar da, eta Darrun Hilliardek distira egin zuen. 11 puntu sartu zituen azken laurdenean —hamasei guztira—, bi hiruko barne. Moskun erakutsi zuen zertarako ekarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.