ZUZENDARIEN GALEUSCA

Diadak

Vicent Partal.
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Arrazoi duzu, Martxelo estimatua: azken hamar urteotan, Kataluniako Diadak zirraragarriak izan dira, baita mugarri ere, gure herrialdearen mobilizazioei dagokienez. Baina tira, ñabardurei erreparatzen baldin badiegu, zure herrialdeaz diozunarekin alderatuz gero, hemengo egoera ez da hain desberdina.

Ea. Kataluniako Printzerriak badu Diada eztabaidaezin bat, irailaren 11koa. Baina kito horrekin. Iparraldean, azaroaren 7an ospatzen dute Diada, gure herrialdea bitan zatitu zuen Pirinioetako Itunaren urtemugan. Valentzian, urriaren 9an izaten da Diada ofiziala, baina ospakizun herrikoi eta aldarrikatzailea apirilaren 25ean egiten dute, Espainiaren okupazioa hasi zeneko urtemugan. Balearretan, kontua are konplexuagoa da. Balearretan ere badute Diada egun ofizial bat, martxoaren 1a; baina, besta eguna izanik ere, ez da inorentzat pizgarri. Gero, uharte bakoitzak bere Diada du. Balearrei dagokienez, Menorcakoa urtarrilaren 17an izaten da, eta Mallorcakoa, abenduaren 31n, nahiz etaluzaz saiatu diren irailaren 12koa inposatzen. Pitiusei dagokienez (espainiarrentzat, itsasoz inguratutarik dagoen guzia Balearrak dira, baina guk bi uharte multzo bereizten ditugu), Eivissako Diada abuztuaren 8an izaten da; Formenterakoa, berriz, uztailaren 24an. Eta zerrenda horri Andorrako Diada ere gehitu behar diozu: irailaren 8an ospatzen da. Hala, hamar Diada ateratzen zaizkit; ia hilabete bakoitzeko bana, beraz.

Ospakizunak 11 ere izaten ahal ziren, aspalditik egin izan baitira nazio guziaren Diada ospatzeko saiakerak. Ekainaren 24koa da, San Joanen Diada edo Herrialde Katalanetakoa, ahalegin horien artean arrakastatsuena, eta, neurri handi batean, Canigoko suaren tradizioari zor dio arrakasta hori. Izan ere, Canigo mendiaren gailurrean, Ipar Katalunian, su bat pizten dute bezperan, Kataluniako herrialde guzietatik datorren egurra erabiliz; su hori eskuz esku ibiltzen da, eta herrialde guzian barna San Joan suak pizten dituzte harekin, Perpinyatik Alacanteraino.

Kontuak kontu, Aberri Egun ona opa dizut, baita BERRIAren irakurleei ere, eta ailega bekigu denoi askatasuna laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.