Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Ebro

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan, Martxelo, eguraldia izan da nagusi gure herrialdeko informazio agendan, nahiz eta gauza larriak gertatu diren oraingoan ere esparru politikoan. Gloria ekaitzaren erauntsiak bete-betean jo du herrialdea, hego eta ipar, inguru mediterraneo leun honetan ezezaguna zaigun bortiztasun ezohiko batez. Euskal Herrian ohituta zaudete itsasora, ozeanora, botere zinezko batekin aurrez aurre egotera. Katalanoi, aldiz, ezezaguna zaigu Mediterraneo hori, olatu kolpe izugarriz kostaldea jo duena. Gure itsasoa urazal otzan bat izan ohi da, haserretzen denean nolabait marmar egiten duena, gehienez ere.

Ebroren deltan, gure herrialdearen erdialdean, bereziki gogorra izan da ezustea. Badirudi hondamendi ekologikoa mugagabea izan dela han. Zientzialariek diote itxaron beharra dagoela oraindik, baina irudi izugarriak iritsi zaizkigu handik. Begi aurre-aurrean desagertu zaigu gure geografiaren parte bat, bereziki garrantzitsua den parte bat.

Garrantzitsua baita ekologiaren eta naturaren ikuspegitik, baina baita ikuspegi politiko eta sozialetik ere. Espainiaren plan hidrologikoen kontrako borrokaren ondorioz, bildu eta mamitu egin zen Ebroko giza komunitatea, eta herrialdera josi zen berriro, hala iparraldetik nola hegoaldetik. Eta orain gertatu denak oso ukituta utzi ditu.

Oso ukituta, bai, ezbeharraren eta tragediaren tamainagatik ez ezik, baita urteak eman dituztelako ere ohartarazten ibaiak bukaeran ez duela behar adinako emaririk eta, beraz, ez duela behar adina sedimentu uzten deltan. Krisi klimatiko global honetan, eta itsasoaren maila igotzen ari den honetan, mehatxu nabarmena da hori, zoritxarrez bete egin den mehatxu bat. Gogorra izango da eztabaida, bai baitaude aski arrazoi kexatzeko eta erreklamazioak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.