Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Goi bilera atzeko atetik

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Martxelo eta Maria, uste dut biek ezagutzen duzuela Kataluniako Arte Museo Nazionala, Montjuicekoa. Pedro Sanchezek toki horixe aukeratu zuen Emmanuel Macronekin goi bilera egiteko. Museo bikaina da, biltzen duen arte erromanikoagatik batez ere, eta esango nuke munduko bildumarik onenetako bat duela. Baina hango ikusmiragatik ere bada ezaguna museo hori. Sartu eta atzera begiratuz gero, Bartzelonaren panoramarik onenetariko bat dago: behean, Montjuiceko iturriak eta Maria Kristina etorbidea; harago, hiria; eta, atze-atzean, Tibidabo mendia eta Collserolako telekomunikazio dorre mehe altua. Argazkia egin beharra dago: mota guztietako turistek igotzen dituzte museora daramaten eskailera luzeak, hain zuzen ere, argazki bat ateratzeko.

Macronek eta Sanchezek ez zuten begietsi ikuspegi hori, atzeko atetik sartu baitziren museora, literalki. Lanegun bat zen, ostegun goiz hotz bat, eta, 30.000 independentista Maria Kristina etorbidean zeudenez, zeremonia ofizialak eraikineko aparkalekuan egin zituzten azkenean. Ez zituzten ikusi manifestariak, baina entzun egin zituzten, urrutitik entzuten baita 30.000 pertsonaren txistua.

Pedro Sanchezi oker jo dio kukuak, beraz. Esan zuen Kataluniaren independentzia prozesua bukatua zela ziurtatzera zetorrela Bartzelonara, baina harekin topo egin zuen parez pare, argazki polita itsustu baitzion, eta goi bilera hondatu. Eta, prozesukoak parez pare topatu ez ezik, batu ere egin zituen Sanchezek; 2019tik lehen aldiz, bateratua izan zen elkarretaratzea, alderdi politiko eta elkarte zibiko guztiek antolatu baitzuten. Esquerrarentzat pixka bat deserosoa izan bazen ere —Junquerasek ihes egin behar izan zuen, haren kontra egindako oihu eta txistuengatik—, beste inork ez duen indarra erakutsi zuten denek batera, azken batean.

Azken bost hilabeteetan, independentismoak lau manifestazio handi antolatu ditu, eta horrek ondorio politiko nabarmenak izan ditu. Argi dago motorra martxan dela berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.