Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Historikoa Europako herrientzat

2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Lluis Puig kontseilari erbesteratuaren auzian Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak asteartean emandako sententzia epai historiko bat da. Argi dago historikoa dela Kataluniako independentzia prozesurako, baina baita Europako estaturik gabeko herri guztientzat ere.

Ustekabean, auzitegiak garrantzi handiko ñabardura bat gehitu du. Orain arte, doktrina ofizialaren arabera, estatu batek uko egin ziezaiokeen estradizio agindu bat betetzeari, arrazoi politikoak argudiatutaestradizioa oso arriskutsua izatea pertsona horrentzat, baldin eta euroagindua eman duen herrialdeko sistema judizialean gabezia sistemiko bat egiaztatzen bazen. Hungariaren, Poloniaren eta Errumaniaren kasuan erabili da formula hori. Orain, berriz, kontzeptu berri bat sartu da jokoan. Auzitegiak ebatzi du posible dela euroagindu bat betetzeari uko egitea baldin eta egiaztatzen bada arriskuan dagoela «objektiboki identifika daitekeen pertsona talde bat», baita agindua eman duen estatu demokratiko horretako botere judizialak gabezia sistemikorik ez duenean ere. Talde hori gutxiengo erlijioso, sexual edo, oraingo honetan bezala, nazional bat izan daiteke.

Oso garrantzitsuak dira erabaki horrek ekarri dituen aurrekaria eta jurisprudentzia. Izan ere, Europako justiziak aurrenekoz onartu du —eta guk badakigu zerbait horretaz, Martxelo eta Maria— litekeena dela Europako demokrazia bateko gutxiengo bat behartuta egotea gehiengoak ez dituen arau ez-demokratiko batzuen pean bizitzera. Gainera, justiziak adierazi du diskriminaziotik babestu behar direla halako taldeak. Eta hori garrantzitsua da nire herrialdean, baina baita euskaldunentzat, galiziarrentzat, korsikarrentzat, bretoientzat, flandriarrentzat, tiroldarrentzat eta alsaziarrentzat ere, gutxi batzuk aipatzearren.

Kataluniako erbesteak bost urte behar izan ditu auzi judizial estrategiko baten bidez garai historiko honetara iristeko. Orain, guztiok egin behar dugu indar, gure nazio minorizatuak erabat errespeta ditzaten. Horrek esan nahi du diskriminazio guztiak amaitu behar direla, eta lehendik dauden diskriminazioetarako bide bat irekita dagoela Europako erakunde judizial gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.