Jokoa bada errenta

Italian debekatu egin dute apustu etxeek kirolean publizitatea jartzea, menpekotasunen aurkako neurri gisa. Euskal Herrian, berriz, gero eta gehiago zabaltzen ari den joera bat da.
Alavesen babesle berriaren aurkezpen ekitaldia.
Alavesen babesle berriaren aurkezpen ekitaldia. JOSE RAMON GOMEZ

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 3
Bet 365 kirol apustuak egiteko Internet atariak marketin keinu oldarkorra egin zuen herenegun. Espainiako Ligako Lehen Mailako zazpi talderekin sinaturiko babes akordioa batera aurkeztu zuen, eta tartean ziren Athletic eta Eibar. Ez dira salbuespena, dena den, hogei taldeetatik hemezortzik baitituzte akordioak apustu etxeekin, eta ez daukatenek eskaintzak jaso dituzte. Realak, esaterako, Britainiako apustu etxe baten bi milioi euroko eskaintza jaso du, eta zuzendaritza gaia aztertzen aritu da. Hala zabaldu da hainbat hedabidetan.

Apustu etxeak indarrez sartu dira taldeen kirol babesen munduan. Ahots kritikorik ez da falta izan, eta Italian, esaterako, debekatu egin dute apustu etxeen publizitatea kirolean. Duintasunaren dekretua-ren barnean sartu dute, eta apustu etxeek, orain, tabakoak edo hogei gradutik gorako edari alkoholdunek jasaten duten tratamendua dute. Debekua bada zerbait, Italiako Lehen Mailako taldeen erdiak baitzituzten babes akordioak apustu etxeekin, eta, guztira, 700 milioi euro jasotzen zituzten. Italiako Gobernuak, baina, apustuak egiteko ohitura asko hedatzen ari zela ikusita, baita menpekotasun kasuak ere, erreakzionatu egin zuen.

Euskal Herriko eta Espainiako legedian, baina, oraingoz, ez dago apustu etxeen inguruko debekurik, eta asko ugaritu dira. Herenegungo publizitate operazioa horren eredu da. Kasu horietan apustu etxea ez da izango babesle nagusia izango; bai, ordea, Alavesen. Elastikoan Betway etxearen logoa eramango du. Egoitza Maltan duen apustu etxe bat da. Alfonso Fernandez de Troconiz presidenteak ez zuen jakinarazi zenbat ordainduko duen apustu etxeak, baina bai 2020ra arteko akordioa dela. Futbolean ohikoa da horrelako akordioen kopurua ez ezagutaraztea; hala ere, jakina da Sportium apustu etxeak urteko bost milioi euroko babes akordioa duela ligarekin berarekin. LFPko partida guztietan ikus daiteke publizitate hori.

Saskibaloian, funtsezkoak

Apustu etxeen fenomenoa, baina, futbolaz harago doa. Baskonia, Kirolbet Baskonia da orain, eta Bilbo Basket, Retabet Bilbo Basket. Retabetek lau milioi euro eta zazpi urterako kontratua sinatu zuen 2016ko urrian Bilbo Basketekin —aurretik GBC babestu zuen—. Baskoniak, aldiz, eta Arabako prentsan argitaratu denez, milioi bat euro inguru jasotzen ditu urteko Kirolbet etxearengandik.

Pilota enpresek, berriz, Codere etxearekin dute akordioa, eta apustu etxe horrek babesten ditu Masters torneoa eta pilotarien rankina. Pilotaleku eta telebista emanaldietan toki handia hartzen du. Arraunean, aldiz, Kirolbet da babeslea. Kontxako Estropada ere babestu izan du, Donostiako Udalak antolaturikoa, eta apustu makinak jarri zituen Portaletasen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna