Koronabirusa

Alarmaren hutsuneak

Astebete igaro da Espainiako Gobernuak Madrilen alarma egoera ezarri zuenetik, COVID-19aren kutsatzeak gutxitzeko helburuarekin. Neurriek eztabaida eragin dute herritarren artean ere.

Madrilgo Moratalaz auzoko taberna bateko terraza, hilaren hasieran egindako argazki batean. VICTOR LERENA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
Madril
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Madrilgo Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko talka eragin du koronabirusak, harik eta azkenean Espainiako presidente Pedro Sanchezek duela aste bat alerta egoera ezartzea erabaki zuen arte, kutsatzeen goranzko joera eteteko asmoz. Izan ere, azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 50 erietxeratu daude Espainiako hiriburuan. Kutsatzeei dagokienez, berriz, 100.000 biztanleko 700 kasutik gora dituzte oraindik.

Hirian inor gutxi dator bat, ordea, Moncloatik hartutako neurriekin. «Nahi dutena esango dute, baina hemen ez da ezer aldatu. Jendea ez dago bereziki kezkatuta. Zuenean bezala, hemen ere jendeak kalera ateratzeko beharra du. Arratsaldeko seietan ateratzen bazara, terrazak beteta ikusiko dituzu», dio Emiliok. Madrilgo hotel bateko harreran egiten du lan, eta aitortu du duela hilabete batzuk baino turista gutxiago dabiltzala, baina uste du hori alarma egoera baino lehenagokoa dela.

Iritzi berekoa da Luis ere. Metroko langilea da, eta irribarrez dio azken asteetan turistak baino kazetari gehiago ikusi dituela inguruetan: «Komunikabideek puztu egin dute egoera. Honekin ez dut esan nahi neurriak beharrezkoak ez direnik, baina ziur nago hau bera beste erkidego batean gertatu izan balitz ez litzatekeela horrenbeste hauts harrotuko».

Kanpotik doanarentzat, hasieran behintzat, hiriak hutsagoa dirudi. Renfeko distantzia luzeko trenek oso bidaiari gutxi eramaten dituzte bagoietan. Chamartingo geltokian ere mugimendu gutxi ikusten da, nahiz eta kafetegietako aulkiak ez dauden erabat hutsik. Hirigunera gerturatu ahala, ordea, metroko bagoiak betez doaz, eta, hasieran bidaiarien arteko aulki bat edo biko hutsuneak errespetatzen diren arren, apurka horiek ere bete egiten dira.

«Ezin gara beldurrez bizi. Nolabaiteko normaltasuna behar dugu, nahiz eta jakin kontuz ibili behar dugula», dio Marisak. Bulego batean egiten du lan berak, Nuñez Balboa kalean. «Gurean ez dugu arazorik izan, baina baditut lagunak lanik gabe geratu direnak koronabirusaren kontu honengatik», azaldu du.

Bestelako neurriak

Manuela Madrilen harrapatu zuen itxialdiak joan den martxoan, eta ez du oraindik ahaztu sentitu zuen bakardadea: «Ohitura dut arratsaldeetan lagunekin geratzeko, kafetxo bat hartu eta hizketaldi bat eginez. Baina hilabete baino gehiago egin nuen bakarrik etxean. Gogorra izan zen». Madrilen etxea duen arren, maiz joaten da seme-alabengana ere. Aitortu du, ordea, azken asteetan ez dela ausartzen. Manuelak, koronabirusari baino gehiago, hura ingurukoei kutsatzeari dio beldur. «Seme-alabek esaten didate joateko lasai euren etxera, baina nahiago dut hemen geratu. Ni heldua naiz, bizi izan dut bizi beharrekoa, baina beraiek urte asko dituzte aurretik», esan du.

Kezkatuta dago Juanita ere. Hark arropa denda bat du Madrilgo Diego de Leon kalean, eta ohartzen da ez direla garai onak merkatarientzat, baina, hala ere, neurri gogorragoak hartu beharko liratekeela uste du: «Ni ez naiz gauez irteten, eta ez ditut ikusten komunikabideetan salatzen dituzten festa horiek. Baina lagunak ditut erietxeetan lan egiten dutenak, eta egunero esaten didate beldurgarria dela egoera. Uste dut lehenago hartu behar zutela alarma egoera jartzeko erabakia, eta, hala ere, nire iritziz, motz geratu dira hartu diren neurriekin. Egia da jendeak maskara janzten duela lehen ez bezala, baina hori ez da nahikoa».

Neurriak, baina bestelakoak, eskatzen ditu Pedrok ere. Erretiratua da bera, eta ohartzen da arrisku taldeko kide dela, baina ez dator bat alarma egoera ezartzeko hartutako erabakiarekin. Haren ustez, horren aurretik oinarrizko zerbitzuak hobetu beharko lituzkete: «Osasun arreta hobetu beharko lukete. Ez da onargarria gauden egoeran medikuarenera ezin joan izatea, eta telefonoz hitz egitera mugatzea. Diru laguntzak ere beharko lirateke, itxialdi honek kalte handiak eragin dituelako Madrilen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.