Arrauna. Kontxako Bandera

Udako garai gozoenean

San Juanek sekulako jauzia eman du azken boladan. ETE ligan atzean zebilen, baina Kontxarako sailkatu eta ohorezko txandan sartu da.

San Juan, joan den igandean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko bost denboraldietan emakumezkoen traineru estropadetan irabazi beharreko guztia irabazi eta gero, San Juanek beste aro bati ekin behar izan zion aurreko udazkenean. Lehengo arraunlari guztien ordez, etxeko gazteekin osatu zuten Batelerak trainerua. Guruzne Azpirozen agindupean, egitasmo berria abian jartzea eta taldeari indarra ematea zen asmoa. Hutsetik hasi beharra zegoen berriz.

Iritsi zen uda, eta taldea emaitza apalak ateratzen hasi zen ETE ligan. Baina horrek ez zuen inor harritu, egitasmo berria hasierako abiapuntuan dagoela ikusita. Harrigarria izan da azkenaldiko emaitza bolada ona. Behetik oso gora egin du taldeak, eta ETE ligako azken-aurreko estropadan, Bilbon, bandera ere irabazi zuen San Juanek. Gainera, Kontxako Banderarako sailkatu zen handik lau egunera. Hori gutxi ez, eta lehen igandean laugarren denbora egin zuen, eta ohorezko txandan ariko da bihar.

Taldearen inguruan dabil orain Juan Mari Etxabe. Denboraldiari gizonezkoen taldearekin ekin, baina uda erdian Jose Luis Kortari lekua utzi behar izan zion. «Guruznek berak eskatu zidan pixka bat laguntzeko, eta horretan ari naiz azkenaldian. Ez dut ezer berezirik egin; nire esperientzia gehitu taldeari». Ondo etorri zaie arraunlariei Etxaberen jakinduria, oso talde gaztea delako. Adinari begiratuta, Etxabek garbi dauka Kontxako Banderan egiten ari direna «erabateko arrakasta» dela.

Ez dira, ordea, igandean lorturiko laugarren lekuarekin ase, eta gehiago nahi dute:«Lotsagabeak izateko eskatu diegu biharko, eta ateratzeko handiren bat egitera. Gero kolpe latza har dezaketela? Agian bai, inork ez daki. Baina jarrerak ausarta izan behar du». Hiru segundo eskasera dute pasaitarrek Hibaika, hirugarren sailkatua, eta Etxabek garbi dauka aurrekoa gainditzera atera behar dutela: «Hirugarren egitea sekulakoa litzateke, baita laugarren lekuari eustea ere».

Gehiago hobetzeko aukera

Hobekuntza azkar horretan, beste pauso bat ematekotan dira San Juango arraunlariak, ikusten dutelako tartea dutela pauso hori emateko. Etxabe ere uste berekoa da: «Asko hobetu dute, baina oraindik sekulako aukera daukate hobekuntza gehiago luzatzeko». Taldeak arlo guztietan hobera egin badu ere, entrenatzaile beteranoak buruko lanari eman dio aparteko garrantzia: «Lehengo aldean konfiantza eta autoestimua handiagoa daukate orain, ikusi dutelako gai direla emaitza onak lortzeko».

Jarrera baikor hori eguneroko entrenamenduetan ari dira ateratzen, eta herenegungo adibidea jarri du oiartzuarrak: «Egundoko entrenamendua egin zuten, eta ikusi dute ematen badute emaitza etorri egiten dela». Taldearen jarrera ere nabarmendu du:«Eskatutako guztia ematen ari dira, eta hori da bidea». Zer den talde batek burua indartsu izatea:«Aurreko igandean, beroketa egiten ari zirela, esan genien sekulako estropada egingo zutela; sinesteko, beroketa bikaina egin zutela eta. Baita egin ere. Zorte pixka bat gehiago izan bagenu, segundoren bat edo beste bizkorrago ibiliko ginen». Gozo helduko da bihar ere San Juan Donostiara, beste pauso bat emateko ziurtasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.