Etenak ez ditzala eten

Hilabeteko etenaldiaren ostean, Zuazok eta Bera Berak ligari berrekingo diote etxean, Teneriferen aurka batak eta Valladoliden aurka besteak. Biek asko daukate jokoan.

Arrojeria Bera Berako jokalaria eta Loidi Zuazoko jokalaria, elkarren aurka jokatutako derbian. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Hilabete pasatxoko etenaldiaren ondoren, bueltan da Espainiako Ohorezko Maila. Zubileta Evolution Zuazok irekiko du ligako zortzigarren jardunaldia: Tenerife hartuko du gaur, Lasesarre kiroldegian (21:00). Super Amara Bera Berak, berriz, Valladoliden aurka jokatuko du bihar, Bidebietan (19:00).

Ezohiko egoera batean daude Espainiako Ohorezko Mailako taldeak. Denboraldia irailean hasi zenetik, zazpi partida bakarrik jokatu dituzte, tartean hiru etenaldi egin baitira. «Geldialdia luze egin zaigu, eta partida jokatzeko gogoa dugu», aitortu du Joseba Rodriguez Jaito Zuazoko entrenatzaileak. Iritzi berekoa da Imanol Alvarez Bera Berako prestatzailea ere. Taldea ondo ikusten duen arren, «zalantzak» sortu zaizkiola esan du, arazoaren 9tik ez baitute jokatu partidarik.

Denboraldia hasi aurretik, guztiek bazekiten aurtengo egutegiaren formatua ezberdina izango zela, nahiz eta entrenatzaile gehienak bat ez etorri. Alvarezek azaldu du jokalarien artean tentsioa mantentzea gehiago kostatzen dela horren ondorioz. Halere, bi prestatzaileek adierazi dute etekina atera diotela azken etenaldi luzeari.

Geldialdi horretan, Alvarezek zazpi jokalari gutxiagorekin lan egin du, selekzioekin Munduko Txapelketan aritu direlako, Japonian: bost Espainiarekin, bat Argentinarekin eta beste bat Brasilekin. Aste honetan batu dira taldera zazpiak. Hori kontuan hartuta, Bera Berako entrenatzaileak jokalari batzuekin denbora gehiago egoteko tartea izan du: besteak beste, minutu gutxi izaten dituztenekin eta min hartutaegon direnekin. «Bakarkako egoerak lantzeko aukera izan dugu».

Gipuzkoako taldea garai gozoan dago, eta Alvarez pozik dago taldeak orain arte emandako irudiarekin. Donostiarrak sailkapeneko lehen postuan dira, eta hiru punturen aldea ateratzen diote Ro'Casa bigarren sailkatuari. Dena den, Bera Berako entrenatzaileak uste zuen garai honetan sasoirik onenean egongo zirela. «Oraindik, ordea, zertxobait falta zaigu».

Zuazoren egoerak, ordea, beltzetik gehiago du zuritik baino. Bizkaitarrak azken-aurrekoak dira sailkapenean: zuloan sartuta daude bete-betean. Rodriguezek aitortu du taldea garai zaila igarotzen ari dela. «Kezkatuta gaude, baina, era berean, lasai. Gustatuko litzaiguke sailkapenean gorago egotea, baina errealitatea bestelakoa da».

Aitzitik, Zuazoko entrenatzailea jokalarien artean lasaitasuna transmititzen saiatu da. «Pazientzia izan behar dugu. Badakigu akatsak non egiten ditugun; azken minutuetan eraginkorragoak izaten saiatu behar dugu, gehiegi barkatzen baitugu».

Hala, Rodriguezek jokalariei mezu argia helarazteko baliatu du etenaldia. «Jokatuko ditugun datozen lau partidak funtsezkoak izango dira, lehen itzulia aho zapore onarekin amaitzeko».

Bi aurkari arriskutsuak

Zulotik zertxobait aldentzeko berebiziko garrantzia duen partida bat jokatuko du gaur Zuazok. Sailkapeneko azken taldea hartuko du Lasesarren: Tenerife, hain zuzen. Rodriguezek talde bisitariko jokalariengan jarri du arreta. «Oso fisikoak dira, eta maila handiko piboteak dituzte. Bat baten kontra aritzen den egoeretan, defentsan lan handia egitera behartuko gaituzte». Partida lehiatua espero duenez, Basauriko (Bizkaia) entrenatzaileak nabarmendu du higatze handiko neurketa izango dela.

Rodriguezek zalantza du Ainhoa Hernandez partida jokatzeko sasoi betean egongo den: «Munduko Txapelketan pilatutako nekeak gaurko partidan eragin diezaioke».

Bera Berak, ostera, bihar jokatuko du Bidebietan Valladolid zortzigarren sailkatuaren aurka. Aurreko sasoian, ligako bi partidetan donostiarrak ez ziren gai izan Valladolid menderatzeko. Beraz, Alvarezek errespetu osoa dio biharko kontrarioari. «Talde oso arriskutsua da, eta bikain baliatzen ditu aurkariaren hutsak». Partida irabazteko gakoa zein izango den galdetuta, hona Bera Berako entrenatzailearen erantzuna: «Gure defentsak aurkariaren erasoaren gainetik egon behar du, jaurtiketetan deseroso senti daitezen. Baloia berreskuratu orduko, kontraerasoan azkar atera behar dugu».

Aurtengo denboraldian, Ermuako (Gipuzkoa) entrenatzaileak lehen aldiz jokalari guztiak izango ditu bere esanetara, Maria Prieto O'Mullony debutatzeko moduan egongo baita. Hegaleko jokalariakgolak sartzeko orduan ekarpen handia egin diezaiekeela uste du. «Ezkerra izanik, aukariarentzat zailagoa da hura zaintzea, eta guri, berriz, aukera gehiago emango dizkigu baloia erasoan mugitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.