Gidari bat bide berrietan barna

Gizonen World Tourrean lehen emakume zuzendaria izango da Cherie Pridham, Israel taldean. Itzalpean aritu da azken urteetan, beti mutilekin, eta eliteko hesia apurtu du orain.

Cherie Pridham —ezkerrean— zuzendari lanetan ariko da gizonezkoen World Tourrean.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Israel taldearen autoa ez ezik, berdintasunaren atzetik doan tropela ere gidatuko duCherie Pridhamekdatorren denboraldian. Izan ere, gizonen World Tourrean kirol zuzendari lanetan ariko den lehen emakumea izango da. 125 zuzendari inguru daude maila goreneko hemeretzi taldeetan, baina, orain arte, bakar bat ere ez zen emakumezkoa. Badaude entrenatzaileak, masaje emaileak, prentsa arduradunak... Zuzendari kargua, ordea, gizonezkoen esku zegoen esklusiboki; harik eta Pridhamek sabai hori apurtzea lortu duen arte. Bide berrietan barna ibiliko da orain, lasterketarik onenetan eta txirrindulari onenen artean gozatuz.

Eta, era berean, bidea irekiko die pauso hori eman nahi duten gainontzeko emakumeei. Hala uste du Agurtzane Elorriagak, eta, horregatik, «pozgarritzat» jo du albistea.Zehaztu du «apur bat arraroa» egin zaiola «hasieran». «Deigarria egiten zait justu Israel taldeak fitxatu izana. Ez dakit zer interes egon daitezkeen. Pentsatu nahi dut soilik kirol arrazoiengatik fitxatu dutela. Ikusi beharko da zer botere duen talde barruan». Israeleko beste zuzendarietako bat da Oscar Guerrero, eta, altsasuarraren esanetan, Pridhamen aldeko apustua ez da itxurakeria hutsa. «Ez da laguntzaile soila izango lasterketetan. Gainontzekok bezala, lehen zuzendari gisa ariko da batzuetan, eta bigarren zuzendari gisa beste batzuetan. Itxurakeria balitz, ez luke ardurarik izango».

Britainiarrak eman berri duen pausoak badu aurrekari bat: Robin Mortonek Gianni-Motta-Linea taldea zuzendu zuen 1984ko Italiako Giroan. Ordutik, baina, ez da beste emakumerik izan gizonen talde baten gidaritza hartu duenik. Eta emakumezkoen World Tourrean ere, urruti dago parekotasuna kirol zuzendariaren postuan. Salbuespenetako bat da Elorriaga, eta garbi du zein den zergatia. «Zuzendariaren karguak boterea dauka taldeetan, eta gizartean boterea gizonen esku dago. Txirrindularitza horren isla da». Beste gako bat ere aipatu du. «Aisialdia, zoritxarrez, gizonezkoen kontua da oraindik ere. Askoz denbora gehiago dute kirola egiteko, kirol taldeak zuzentzeko eta kudeatzeko... Horregatik gaude horren emakume zuzendari gutxi».

Langa gainditu du Pridhamek, baina traba gehiagorekin egingo ote du topo orain? Ez du hala uste Guerrerok. «Matxismoa toki guztietan dago, hori hala da tamalez, baina ez dut uste Cheriek zailtasunik izango duenik emakumea izateagatik. Guk behintzat beso zabalik hartu dugu; beste bat gehiago da taldean». Egin dezakeen ekarpenari dagokionez, «eskarmentua» aipatu du Guerrerok. «Hamabost urtez izan zen ziklista profesional, eta azken urteetan kudeatzaile eta zuzendari aritu da Kontinental mailan. Beti egin du lan mutilekin. Esperientzia handia dauka, alegia, eta ziur haren ikuspuntua oso baliagarria izango zaigula».

Aberasgarria da zuzendari multzo askotarikoa izatea, bai nortasun aldetik, baita sexuari dagokionez ere. «Emakumeok egiten dugun guztia gure begiradatik egiten dugu, eta, alde horretan, uste dut asko eman diezaiokegula gizonezkoen txirrindularitzari», aldarrikatu du Elorriagak. Berak, edonola ere, nahiago du dagoen tokian jarraitu. «Ni irakaslea naiz, eta zuzendari lana zaletasuna baino ez da. Agian, ogibide bihurtu nahiko banu, ondo ikusiko nuke urrats hori egitea, eta uste dut ondo moldatuko nintzatekeela. Onena, dena den, profesional izateko mutilenera salto egin behar ez izatea izango litzateke».

Horren harira, uste du emakumezkoen ziklismoa indartzeak izan behar duela lehentasuna. «Cherierena albiste ona da, baina badira konkista garrantzitsuagoak: lehena, emakumezkoen ziklismoa profesionalizatzea, eta emakume zuzendari gehiago egotea emakumeen World Tourrean».

Exijentzia eta baliabideak

Pridham «ilusioz» ikusten du Guerrerok. Ez da gutxiagorako, goreneko mailan aritzeaz gain Chris Froomeren moduko txapeldun handi batekin lan egiteko aukera izango baitu. Orain denbora behar du egokitzeko, ez baita makala jauzia. Hala deritzo Guerrerok: «Hemen dena da handiagoa. Beste mundu bat da. Eta lehiatzeko modua ere ezberdina izan daiteke lasterketa batzuetan. Hori guztia ikusten eta ikasten joango da». Elorriagak, berriz, ez du uste hainbesteko aldea dagoenik. «Elitean exijentzia handiagoa duzu, baina, aldi berean, askoz ere baliabide gehiago dituzu zure gaitasunei zukua ateratzeko». Eta zer gaitasun izan behar du zuzendari on batek? «Ziklistak ezagutu behar ditu, eta bakoitzari onena ateratzen jakin behar du. Gainera, plan on bat izan, eta komunikazioa bermatu behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.