Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

2018a

2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bukatzear da urtea, Kataluniarentzat beste ia ezein baino zailagoa izan den urte bat, behin betiko nabarmenduta geldituko dena errepresioagatik, baina, batez ere, Kataluniako gizartearen erresistentzia gaitasun izugarriagatik. Orain urtebete, Espainiako Senatuak 155.a aktibatu zuenean, zenbaitek esan zuten konstituzioaren «bonba atomikoa» zela hura —Senatuan bertan esan zuten, amiñi bat ere lotsagorritu gabe—. Bada, jaurti zuten bonba, aurre egin zitzaion gero, eta, handik urtebetera, Espainiako klase politikoaren zati handi batek oraindik ere eskaka dihardu berriz ere jaurti diezaieten. Eta, garbi esanda, bonba atomikoa bota eta urtebetera berriz ere hura jaurti beharrean baldin bazaude, porrot egin duzun seinale. Besterik gabe.

Kataluniako independentismoak urte zinez zaila izan du; kalean inork ulertzen ez dituen borroka alderdikoi batzuek barrutik suntsitu dute, eta ez du lortu abenduaren 21eko hauteskundeen helburu funtsezkoa, hots, herrialdeko gobernu legitimoa berrezartzea. Parlamentuko presidenteak, gainera, betiko markatuta utziko duen zerbait egin zuen: Puigdemont presidentearen inbestidura geldiarazi zuen, nahiz eta hiru alderdiek ordurako adostua zuten hura inbestitzea, eta horrek atea alderik alde ireki zion Llarena epaileari, parlamentuan bete-betean esku hartzeko. Horixe izan da urteko hanka sartzerik larriena eta erabakigarriena.

Bestalde, ordea, nabarmendu beharra dago borroka izugarri batzuk irabazi ere egin direla. Erbestea bereziki, Alemaniako ebazpen judizialen bitartez, baliagarria izan da erakusteko ez zela matxinadarik izan eta Espainiaren akusazioak asmakizun hutsak direla. Hemen bertan, gainera, presoenganako elkartasuna bizi-bizia izan da, eta halakoxea da oraindik ere. Gobernua, berriz, zenbait gauza berregiten ari da, harrabots handirik gabe, nahiz eta Espainiako nazionalismoa probokazioka ari zaion etengabe, zeharo bridagabeturik.

2019an, ezbairik gabe, epaiketa izango da gertakaririk nabarmenena. Eta horixe izango da, segur aski, benetako mugarria, herrialdeak zer bide hartuko duen ebatziko duena. Agian orduantxe ulertuko da zer zentzu izan duen 2018 honek, zeina erresistentzia amorratuko urte bat izan baita, parlamentuak independentzia aldarrikatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.