Errusiako Munduko Kopa

170 milioi euroko erdilaria

Europako talde handiek enkante garestia hasi dute Sergei Milinkovic-Savic fitxatzeko. Serbiako belaunaldi gaztearen alerik onena da, eta Munduko Kopa, haren erakusleiho handia.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Munduko Kopa guztietan gertatzen da. Maila txiki edo ertaineko selekzio bateko jokalari gazte batek txapelketaren bozgorailua baliatzen du, eta bere izenaren oihartzuna Europako talde handien bulegoetara iristen da. 2014an, James Rodriguezek bete zuen profil hori, eta Errusian dagoeneko azaleratu da udako merkatuan bili-bolo ibiliko den izena: Sergei Milinkovic-Savic, Serbiako selekzioko erdilari bikaina.

Milinkovic-Savicek 23 urte baino ez ditu, eta Serbiako selekzioko hankak eta birika da. Sarjentua deitzen diote, eta hainbestekoa da haren pisua selekzioan, ezen Serbiako Futbol Federazioak Slavoljub Muslin hautatzaile ohia kargutik kendu baitzuen izar gaztea kokatzeko gai izan ez zelako. Baina hain ona al da? Bada, bai; Lazioko erdilariak sasoi ikusgarria egin du Italiako ligan. Hamabi gol sartu ditu, lau gol pase eman, eta erakustaldi fisiko ikusgarriak egin. Ahal tekniko handiko eta abiadura eta jaurtiketa biziko 1,92 metro luzeko tanke bat da. Euskarri bikoitzaren aurrean jokatzeko jokalari perfektua da, eta, gorpuzkerari esker, jaberik gabeko baloietan oso trebea. Area batetik bestera korrika egiteko gai da, eta area barruan ez da urduritzen. Erdilari moderno deitzen zaien horien arketipoa.

Costa Ricaren aurkako Munduko Kopako lehen partida osoa jokatu zuen. Europako talde handiak bere izena gorriz markatua zuten, baina Munduko Koparen berora hasi dira haren inguruko zurrumurruak. Kirol prentsa izen gosez bizi da, eta herrialde bakoitzean talde handi batekin lotzen dute. Espainiako prentsan Real Madrilek 150 milioi euroko eskaintza prestatzen ari dela argitaratu dute; Kataluniakoan, hark gozatuko duela Bartzelona Griezmannen ezezkoaren ondoren. Ingalaterrakoan, Manchester Unitedek 91 milioi euro eskaini zituela zabaldu da; Frantziakoan, PSG erokeria bat egiteko prest dagoela, eta Italiakoan, Juventus dela bederatzi zifrako eskaintza egingo duena. Bien bitartean, Claudio Lotito Lazioko presidentea bere bulegoan zain dago, telefonoak jo dezan zain. 110 milioiko eskaintza bati ezetz esan ziola esan zuen, ez dagoela salgai, eta, zabaldu denez, 170 eskatzen ari da. Negozio borobila egiteko zorian dago, 2015eko udan hamar milioi ordaindu baitzizkion Genki erdilari mehar eta hankaluze harengatik.

Enkantea hasi da, eta Laziok badaki denborak bere alde egiten duela. Dena den, badirudi Juventusek aurrea hartu diela beste lehiakideei. Hala dirudi behintzat Milinkovic-Savicen aita entzunda. «Begi onez ikusiko nuke hara joatea; talde perfektua da harentzat. Eta gero, agian, futbolari zailduagoa denean, 25 urterekin edo, Espainiara, bere garaian Zinedine Zidanek egin zuen bezala». Alderaketak gorrotagarriak dira, baina haren aitak eman du jenio kabiliarraren izena.

Aitak, izan ere, badaki zer dioen, Nikola Milinkovic 1990eko hamarkadan Europan barrena mugitu ziren Balkanetako baloiaren jornalero horietako bat izan baitzen. Bosniarra jaiotzez, bere golak —1,92 metro luzeko aurrelaria zen— Espainia, Portugal eta Austriako Bigarren Mailetako taldeen artean banatu zituen. Horren fruitu, bere seme nagusia Lleidan (Katalunia) jaio izana, eta bigarrena Vanjka, Ourensen (Galizia). Hura atezaina da Torinon, eta 2,02 metro luze da. Genetika eskuzabala izan zen biekin, ama ere ez baita nolanahikoa. Milana Savic saskibaloi jokalari profesionala izan zen Espainiako ligan.

Baina aurretik Munduko Kopa dago, Suitzaren aurkako gaurko partida, eta Serbia itxaropentsua da. Duela hiru urte 20 urtez azpiko munduko txapeldun izan zen, eta belaunaldi hartako hainbat kidek nagusi mailako selekziorako pausoa eman dute. Milinkovic-Savicekek brontzezko baloia irabazi zuen, eta alboan zituen Andrija Zivkovic, Marko Grujic, Milos Veljkovic eta Nemanja Maksimovic. Seiak egun Errusian daude, eta etorkizun oparoa ziurtatzen diote Serbiari.

SERBIA-SUITZA

Serbia. Stojkovic, Ivanovic, Milenkovic, Tosic, Kolarov,Milivojevic, Matic, Tadic, Milinkovic-Savic, Ljajic eta Mitrovic.

Suitza. Sommer, Lichtsteiner, Schaer, Akanji, Rodriguez, Behrami, Xhaka, Shaqiri, Dzemaili, Zuber eta Seferovic

Epailea. Felix Brych (Alemania).

Lekua. Kaliningrado (45.000). Ordua. 20:00 (T5).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.