Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Flama

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Flama del Canigó da frankismoaren pean Herrialde Katalanetan sorturiko tradizio ugarietarik interesgarriena. Ekainaren 23ko gauean, Canigoko gailurrean, Ipar Kataluniaren bihotzean, su bat pizten dute, eta, egunak aurrera egin ahala, herrialde osoan banatzen dute, eta San Joan suak pizteko baliatzen. Zuziari oinez edo dena delako ibilgailuz jarraitzen diote, herriz herri eta hiriz hiri, zutabeak sortuz eta elkarri eskuz esku pasatuz.

Ohitura hori 50eko urteetan hasi zen, eta, urte batzuetan, Guardia Zibilak talde handi bat hedatu zuen, zuzia Bartzelonan sar ez zedin ahaleginduz. Urteen joanean, dena normaldu egin zen, eta, gaur egun, zuziak Kataluniako Parlamentua bisitatzen du, eta, gero, udaletxera iristen da, eta hantxe biltzen dira auzo guztietatik haren bila joandako segizioetakoak. Halaxe gertatzen da ehunka herritan eta hiritan: hasi Perpinyan eta buka Alacanten eta Guardamarren. Esana dut dena normaldu egin zela, eta, hilabete hauetan beste hainbat alditan gertatu bezala, orain ere neure hitzak irentsi beharrean naiz, atzo Flama herrialdetik kanpora ere joan baitzen bisitan, lehenbiziko aldiz: Genevara, Bruselara, Saint Andrewsera eta Hanburgora, haietan Puigdemont presidentearen, Serret, Comin, Puig eta Ponsati kontseilarien, eta Suitzan erbesteraturiko politikari Anna Gabrielen eta Marta Roviraren omenez sorturiko suak piztera.

Oso polita izan da keinua, eta handia ahalegina; izan ere, gure gizarte honetan, zaila baino zailagoa da su piztu batekin urruneraino bidaiatzea. Baina merezi izan du. Hain zuzen, haiek festan parte hartzerik ez dutenez gero, herrialdeak, herrialdearen muinak haienganaino bidaiatu du, gogorarazteko ezerk ezingo dituela banandu berena duten herrialdetik. Ahalik eta lasterrena noiz itzuliko diren zain daukaten herrialdetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.