Aldea murriztu ezinik

Hou Yifan txinatarra da aurreneko emakumezkoa Nazioarteko Xake Federazioaren sailkapen bateratuan: 75. postuan da. Aspaldiko galdera da ea zergatik dagoen horrenbesteko aldea gizonezkoen eta emakumezkoen mailan eta emaitzetan, xakea adimen kirola izanik.

Aleksandra Goriatxkina eta Ju Wenjun, aurrez aurre, Munduko Txapelketako finalean, joan den astean. FIDE.
Josu Tornay.
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan amaitu zen Shanghain (Txina) eta Vladivostoken (Errusia) jokatutako Munduko Txapelketa, eta aurreko bi ekitaldietako xakelari berak irabazi zuen: Ju Wenjun txinatarrak. 2018ko maiatzean etxean jokatu zen ekitaldian gailendu zenetik, inor ez da gai izan hari munduko onenaren koroa kentzeko. Aurten, ordea, gogotik lan egin behar izan du Aleksandra Goriatxkina errusiarra mendean hartzeko: seina berdindu zuten finalean jokatu beharreko hamabi partidetan, eta berdinketa hausteko neurketa azkarretan nagusitu zen Wenjun.

Haren garaipenak areagotu egin du Txinaren aspaldiko nagusitasuna: azken bost aldietan nagusitu da herrialde horretako jokalari bat. Txinakoa da Nazioarteko Xake Federazioaren (FIDE) emakumezkoen sailkapeneko lehena ere: Hou Yifan. Baina Yifanek ez du parte hartu munduko azken lau txapelketetan.

1927an emakumezkoen Munduko I. Txapelketa jokatu zenetik, makina bat xakelari nabarmendu dira: Vera Mentxik txekiarra eta Nona Gaprindaxvili eta Maia Txiburdanidze georgiarrak, besteak beste. Jokalari ezagunenak, ordea, Polgar ahizpa hungariarrak izan ziren: Zsuzsa, Zsofia eta Judit. 1990eko hamarkadan goi mailako lehian aritu ziren, eta soilik torneo mistoetan parte hartu zuten garai hartan. Judit 12 urtez azpiko munduko txapeldun izan zen, mutil guztien aurretik, eta, gero, inoizko maisu handirik gazteena izan zen, 15 urterekin. Munduko onenen artean egon zen, zortzigarren izan baitzen sailkapen bateratuan. Halere, sekula ez zen sailkatu hautagaien torneorako.

Datuak argigarriak dira: Yifan da emakumezkorik onena FIDEren sailkapen bateratuan: 75. postuan dago. Ez dago beste emakumezkorik lehen ehunen artean. Oso atzean dago bigarrena, Wenjun munduko txapelduna, 350. postuan. Maisu handien artean ere %2 baino ez dira emakumezkoak. Galdera da: xakea adimen kirol bat izanik, zergatik dago horrenbesteko aldea gizonezkoen eta emakumezkoen mailan eta emaitzetan?

Aspaldikoa da galdera, baina ez dago adostasunik arrazoiaren inguruan. Teoria ezberdinak daude. Batzuk diote, sexuen historia ebolutiboan oinarrituta, emakumezkoen burmuina ez dela egokitzen xakearen lehian dagoen oldarkortasun psikologikora. Hala, Nigel Short maisu handiak 2015ean esan zuen emakumezkoen burmuina ez dagoela prestatuta xakean jokatzeko. Horrek hautsak harrotu zituen, eta askok erantzun egin zioten. Adibidez, Sabrina Chevannes nazioarteko maisuak. Haren iritziz, «diskriminazio sexista da arrazoirik garrantzitsuena emakume askok xakea uzteko». Aleksandra Kosteniuk munduko txapeldun izandakoak, berriz, «faktore kulturalen eragina» azpimarratu izan du.

Maila baxuetan, batez ere 8 eta 10 urtez azpikoetan, antzekoa da nesken eta mutilen kopurua. 12 urtez azpikoetan, ordea, nesken kopuruak behera egiten du, eta 14, 16 eta 18 urtez azpikoetan oso neska gutxi dago. Open arruntetan ere oso neska gutxi aritzen da, eta hori ez da aldatu, nahiz eta diskriminazio positiboaren sistema aspalditik dagoen indarrean.

Torneo mistoak

Gizonezkoentzako torneorik ez dago, ezta gizonezkoentzako saririk ere. Mistoak dira torneoak, eta sariak ere bai. Hala ere, ia beti, sari nagusiez gain, emakumezkoentzako sariak egoten dira: lehen andrazkoa, bigarrena... Sari horiek ematearen atzean diskriminazio positiboa dago. Hori dago emakumezkoentzako txapelketak antolatzearen atzean ere, tartean munduko txapelketak. Helburua da emakumeentzat xakea erakargarri egitea, neskak erakartzea eta, denborarekin, gizonezkoen maila bera izatea eta emakumezkoentzako torneoak eta sariak beharrezkoak ez izatea.

Federazio batzuek ez dute antolatzen emakumezkoentzako txapelketa ofizialik. Adibidez, Espainiako Txapelketa egon badago, baina ez da emakumezkoentzako Espainiako txapelketa. Hori bai, Espainiako Txapelketako lehen andrazkoak emakumezkoen Espainiako txapeldun titulua lortzen du. Lehia ikuspuntu batetik ikusita, hori ez da justua, titulua lor daitekeelako emakume bakar baten kontra jokatu barik edo ezer irabazteko ez daukatenen gizonen kontra jokatuta. Horrela jokatuta, tituluak eta tituludunak ia garrantzi guztia galtzen dute.

Euskadiko Federazioak, adibidez, bi txapelketa egiten ditu: Euskadiko Txapelketa, zeinetan guztiek parte har dezaketen; eta Emakumezkoen Euskadiko Txapelketa. Kritikoek diote hori eginda banaketa «iraunarazi» egiten dela; aldiz, aldekoek diote horrela emakumezkoei xakean «garrantzia» ematen zaiela, eta haien «parte hartzea sustatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.