Distira egin nahi dute

Galarretako 50. urteurreneko finala jokatuko dute gaur Juaneneak eta Endikak Urrizaren eta Zubiriren kontra (15:15, ETB1). Lehia parekatua espero dute Juaneneak eta Zubirik.

Lau finalistak osteguneko pilota aukeraketan, Galarretan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Jakitun dira aurkariek beraiengan ezarri nahiko dutela jokoaren zama, eta beraienegitekoa bikotekideari laguntzea izango dela. Baina lan isil hori eginez, distira egin nahi dute gaur Aritz Juanenea eta Aritz Zubiri erremontistek, Galarretako 50.urteurreneko txapelketako finalean. Lehenak Endikaren bizkartzain egingo du; Zubirik, aldiz, Urrizak atzean egindako lana biribildu nahi du. Txapelketa hasi zen neurketa berdinaren amaituko da. Orduan, Juaneneak eta Endikak 35-28 hartu zituzten mendean Urriza eta Zubiri. Baina gaur final gogorra eta parekatua espero dute.

Euren artean sekreturik ez dagoela nabarmendu du Juaneneak: «Pentsa, azken egunetan zenbait entrenamendu elkarrekin egin ditugu Endikak, Urrizak eta hirurok. COVID-19aren ostean erremontisten koadroa asko murriztu da, eta, horregatik, maiz egiten ditugu lan saioak batera».

Finalera sailkatzen lehenak izan ziren bera eta Endika. Baina, Juanenearen ustez, horrek ez du ezer esan nahi. «Txapelketa hasi zenean galdetuz gero, irabazteko faborito gu ginela esango nuke. Baina gauzak aldatu egin dira. Urrizari oso indartsu ikusi zitzaion azken partidan, eta beste behin erakutsi du behetik gora joaten dela txapelketetan, une erabakigarrietan agertzen dela. Txapelketak eskatzen duena ematen du, eta gaur ere Urriza handi bat espero dugu».

Zubirik uste du «txapelketako unerik onenean» iritsi zaiela beraiei finala. «Behetik gora gatoz, eta uste dut aurreko asteburuan orain arteko partidarik onena egin genuela. Horrek hauspoa eta lasaitasuna ematen digu. Gogor joan zen, eta ondo erantzun genuen. Dena den, ez dut uste horrek faborito egiten gaituenik. Partida batera edozer gauza gerta daiteke».

Juaneneak argi du zein izangoden finala irabazteko gakoa: «Txapelketako lehen bi partidak oso onak egin genituen. Primeran ulertu genuen elkar, eta gaur hala egiten badugu aukerak izango ditugu irabazteko. Izan ere, nahita ere, Urriza ez da horrenbeste sartuko jokoan. Zama Zubirik eramatea lortu behar dugu, eta partidaren erritmoa Endikak ezartzea».Partida motza izatea komeni zaiela uste du: «Hasiera oso inportantea izango da. Duela bi urte Endika eta biok txapelketa nagusiko finala jokatu genuen, eta 16-3 galtzen hasi ginen. Partidan sartu ginenerako berandu zen. Neurketa motza izatea komeni zaigu, bizi jokatuz».

Bere rola ezin izango den argi du: «Ez dut berekoia izan behar. Nire lanak Endikari laguntzea izan behar du. Harekin jokatzeak lasaitasun handia ematen dit, kantxatik kanpo ere lagunak garelako. Hori baliatu behar dut; urduritasunak alde batera utzi,orain arte txapelketan zehar egin dudan lanari eusteko. Azken bi urteetako erregulartasuna erakutsi dut, eta final batean zaleek hori ikustea nahi dut».

Zubirik onartu du bera dela bikoteko «ahulena». «Argi dago, nire aldetik, eusteko neurketa izango dela, niri min egiten ahaleginduko baitira. Baina fisikoki prest nago, eta ondo erantzun dezakedala uste dut. Jabik, gainera, asko laguntzen dit, maiz etortzen da zortzigarren edo bederatzigarren koadrora, eta bote prontoan ere asko sartzen da. Jokoaren erritmoa eta ekimena izaten ahalegindu behar dugu».

Udak «itxura ona» du

Biek bazuten zalantza, koronabirusaren pandemiaren eten luzearen ostean nola itzuliko ote ziren.Baina espero baino hobeto egin dutela nabarmendu dute. Gainera, Galarretan izandako giro ona goraipatu dute. «Hasieran beldur apur bat bagenuen, baina uste baino zale gehiago ibili da, eta gaur ere hala izatea espero dugu. Oso zale leialak ditugu, eta eskertzekoa da», adierazi du Juaneneak.

Udari «itxura ona» hartu diote: «Printzipioz, hurrengo astean ez da partidarik izango. Baina, ondoren, ostegunetan eta larunbatetan partidak izango dira, eta buruz buruko txapelketa ere hasiko da». Biek argi dute hiru hilabeteko etenaren ostean lehia behar dutela: «Benetako pizgarria asteroko lehiak eta txapelketek ematen dizute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.