Arrauna

Errealitatea onartuz hasi

Ondarroa espero ez zuen egoera batean dago: Eusko Label ligako hamargarren. Iñaki Errasti taldeko entrenatzaileak itxaropena du taldeak gora egingo duela.

Ondarroako arraunlariak, ziabogatik atera berri, Zierbenan, Eusko Label ligako laugarren jardunaldian. AITOR ARRIZABALAGA.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Asteburu honetan iritsiko da Eusko Label liga denboraldi erdira, eta handik edo hemendik, talde bakoitza ari da sasoiak orain arte eman duenaren inguruko azterketa egiten. Iñaki Errasti (Aginaga, Usurbil, Gipuzkoa, 1979) Ondarroako entrenatzailea, behinik behin, ez dago gustura taldeak zortzi jardunaldietan egin duen lanarekin. «Gure errendimendua hobeagoa izango zela pentsatzen nuen, aurkariak albo batera utzita. Baina ez da hala izan». Zertan huts egin duten galdetuta, hona Errastiren erantzuna: «Arraunean ez gara eroso sentitu». Dena den, egoerari buelta emateko gogoz dago: «Gure mailarik hoberena emateko gaude oraindik».

Iaz, garai honetan, Ondarroak 38 puntu zituen, eta bederatzigarren zegoen sailkapenean. Aurten, sei puntu gutxiago ditu, eta postu bat beherago dago. «Iaz, sailkapeneko erdialdean lasai, eta bigarren txandan egonkortuta geunden». Aurten ere ilusio berarekin ekin zion sasoiari. «Urtetik urtera emaitza hobeak lortzeko asmoa izaten dugu», adierazi du Errastik.

Joan den urtetik hona, baina, taldean «aldaketa handiak» izan dira. Ondarroako prestatzaileak iazko Kontxako Banderako sailkapen estropadan atera zuen eskifaiarekin egin du alderaketa: «Hamahiru arraunlarietatik bederatzik utzi zuten taldea», eta hamargarren arraunlaria denboraldi-aurrean galdu du, luzerako lesio bat izan baitu. Xabat Olaetxeaz hari da hizketan. «Bizkarreko arazoa izan zuen, eta seguruenik ez du estropadarik jokatuko». Errastik ez du ezkutatu Antiguako amak «indar aldetik» galdu egin duela.

Hori gutxi ez, eta bi arraunlari gutxiagorekin aritu da lehiatzen azken hilabetean, «lan arazoengatik». Aginagakoa lanean «justu» eta«ezinean» jardun da, baina taldeak izan dituen gorabehera horiek guztiak ez ditu aitzakiatzat hartu nahi ligako zortzi estropadetan izan dituzten emaitzak zuritzeko. «Estropada askotan ez dugu asmatu. Garbi daukagu hobeto ibil gaitezkeela, baina, horretarako, lanean segitu behar dugu».

Lehen txandan dago Ondarroa, eta zer pentsatua eman dio horrek Errastiri: «Hasieran espero ez genuen leku batean aurkitu dugu geure burua», eta uste du horrek, «agian, antsietate apur bat» sortu diela. Taldean dagoen batasunarekin egoerari buelta eman diotela esan du: «Arraunlariek onartu egin dute zein den errealitatea eta non gauden; gure merituagatik gaude hamargarren postuan». Uste du Eusko Label ligako sailkapena «justua» ari dela izaten. Baina, alde horretatik, arraunlariak «lasai» eta «oso ondo» ikusten ditu Errastik. «Hasieran baino gusturago ari gara entrenatzen, eta espero dut koska bat gora egingo dugula hemendik aurrera».

Goranzko bidea hartzeko, ordea, ondoan dituen aurkariak ez ditu ahaztu behar Ondarroak. Errastik ondo baino hobeto dauka hori buruan sartuta: «Behetik datozen taldeak oso ondo ari dira, eta ez da erraza izango atzeko multzotik ihes egitea». Oraintxe, Antiguako amak helburu bat eta bakarra dauka: «Arrisku handiena dagoen postu horietatik ahalik eta lasterren irtetea». Sailkapenean dantza handia dagoenez, Errastiren arabera, «edozeinek lor dezake postu on bat». Zarautz jarri du adibide gisa: «Kanporaketetako postua hark markatzen du, baina lehen txanda bitan irabazteko gai izan da».

Azken palada eman arte

Ondarroak ere izan ditu egun hobeagoak, eta, ildo beretik, puntu sorta ederra zakuratzea lortu du. Hain zuen, Coruñako (Galizia) bigarren jardunaldian laugarren egin zuen, eta ligako azken estropadan, Lekeition (Bizkaia), bosgarren. Errastik goialdean eta behealdean dagoen «berdintasunarekin» lotu ditu erdietsitako emaitza «on» horiek. Hari horri tiraka, datu azpimarragarria bota du: «Estropada guztiak batuta izan den ontzirik azkarrenak guri, batez beste, 31 segundo atera dizkigu. Ez da alde handia, eta horrek esan nahi du gure maila ez dela asko jaitsi». Bestalde, irudipena du arraun denboraldiak orain arte izan duen joerak «antzera» jarraituko duela liga amaitu arte.

Horiek horrela, behealdeko taldeek, Ondarroa barne, «erne» egon besterik ez dute. Bada, puntu bakarraren gorabeheran, Errastiren kuadrillak lau puntura du Zarautz, eta bigarren txandan dagoen Isuntza, berriz, bostera. «Bost talde gaude multzo berean [Kaiku, Zarautz, Ondarroa, Ares eta Isuntza], eta elkarren artean lehia estua izango dugu liga amaiera arte». Kaiku, zuloan dagoen arren, euren zaku berean sartu du Errastik. «Goizegi iruditzen zait Kaiku baztertzeko, talde oso indartsua baitauka. Argi dago, beraz, azken palada eman arte dena eman beharko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.