Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Guillem

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Torra presidentearen inhabilitazioa artikulu hau idazteko unetik argitaratzen denerako denbora tartean irits liteke, eta, zain gauden bitartean, ondo iruditzen bazaizue, Martxelo eta Maria, zinemaz arituko naiz. Zehazki, La mort de Guillem filmaz.

La mort de Guillem Carlos Marques-Marceten film bat da, eta Guillem Agullo independentista valentziar gaztearen hilketa kontatzen du; eskuin muturreko komando batek hil zuen, 1993. urtean. Hilketa horrek belaunaldi oso bat markatu zuen; izugarri inarrosi zuen jendea, eta agerian utzi zuen politikaren alderik zikin eta zitalena, baita komunikabideena ere, hilketaren politikotasuna estaltzen eta ezkutatzen saiatu baitziren, eta biktima errudun bihurtzen. Hala ere, Josep Guiak dioen bezala, faxistek ondo asmatu zuten nor hil, baina okertu egin ziren haren familiarekin eta lagunekin. Izan ere, Aguillo-Salvador familiakoek lehoien antzera erantzun zieten, eta semearen hilketa gatazka politiko gailen bihurtu zuten.

Guillem Aguilloren izena, gaur egun, sinbolo bat da. Herrialde osoan zehar daude haren izena daramaten kaleak. Astelehenean, Kataluniako Generalitateak Creu de Sant Jordi saria eman zien haren gurasoei, memoriaren eta demokraziaren alde egindako borrokagatik. Valentziako Gorteek haren izena duen sari bat sortu zuten duela hiru urte. Eta lehenago, askoz lehenago, Obrint Pasek No estàs sol kantua atera zuen, eta manifestazioetan, denetan, Guillem Agulló, ni oblit niperdó oihua nagusitzen hasi zen.

Eta, orain, zinema iritsi da. Uda honetan, Nòs Diario-ren bitartez, Moncho Reboirasi buruzko filmaren estreinaldiaren eta zabalkundearen berri izan dut, eta iruditzen zait bi kasu horiek erakusten digutela zinemak zerbitzu ona egiten diela demokraziari eta memoria kolektiboari.

La mort de Guillem-en kasuan, gainera, inoiz ez bezalako inpaktua izango du. Lehen aldiz, hiru telebista publiko autonomikoek(A punt, TV3 eta IB3) aldi berean estreinatuko dute film bat, eta Guillemena izango da. Datorren ostiralean botako dute, eta askok garaipen handi bat ikusten dugu horretan. Guillem Agulloren beste garaipen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.