Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hauteskundeak

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Kataluniako hauteskundeak otsailaren 14an izango dira, Junts Per Catalunyak eta Esquerra Republicanak hala erabakita. Torra presidentearen inhabilitazioari erantzuteko modua beste hautagairik ez aurkeztea izango da. Eta tramite parlamentarioak otsailaren 14ra garamatza, eta orduan hainbat gauza izango dira jokoan.

Emaitza posibleez espekulatzea denbora galtzea da. Sekula ezagutu dugun krisirik bitxienaren erdian gaude, dena alda dezakeen edozer gerta daiteke noiznahi. Baina, ohartarazpen hori eginda, uste dut badaudela hiru faktore ziur aski erabakigarriak izango direnak.

Lehena da mundu guztia adi-adi egongo dela ea independentismoak botoen %50 gainditzen dituen. Urteak dira parlamentuan gehiengoa duela, baina Espainiak behin eta berriz deskalifikatzen du errepublikaren aldeko proposamena, eta ziurtatu boto independentistak ez direla botoen erdiak ere, nahiz eta horretarako Comukoen eta Voxen botoak gehitu behar, batzuk eta besteak gauza bera balira bezala.

Europako azken hauteskundeetan, independentismoak botoen %49,84 lortu zituen, eta 5.379 falta izan zituen erdiak gehi bat eskuratzeko. Badirudi boz autonomikoak abagune aproposagoa direla jauzi hori emateko; politikari katalanen ustez, jauzi hori funtsezkoa da, eta ondorioak ekarriko lituzke.

Independentisten arteko hegemonia lortzeko borroka da bigarren faktore garrantzitsua. Inkestek iragartzen dute berdinduta geratuko direla Junts eta Esquerra, baina bide luzea egiteko dago oraindik. Esate baterako, ez dakigu Puigdemont presidentea hauteskundeotan aurkeztuko den ala ez, eta horrek zalantzarik gabe eraldatuko luke panorama. Edonola ere, badirudi argi dagoela hauteskundeetatik ateratzen den gobernuak koalizioan izango dituela Junts eta Esquerra edo Esquerra eta Junts.

Azkenik, ikusi beharko da ea zer gertatzen den Podemosen eta Comukoen espazioarekin, bereziki zuen bion herrietako joerari erreparatuz gero, Martxelo eta Maria. Botoak galtzen badituzte, interesgarria izango da ikustea ea independentismoaren alde galdu dituzten, edo espainolismoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.