Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bederatzi, aske

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Denboraldiko azken artikuluak, Martxelo eta Maria maiteok, Kataluniako independentzia prozesuan izandako aldaketa handi batekin kointziditu du. Eta poztasun pertsonal batekin, horrela adieraz badezaket. Izan ere, Europako Kontseiluak Espainiaren errepresioa salatzeko egindako adierazpen ikaragarri gogorraren ondo-ondoren —Turkia eta Espainia maila berean jarrita—, indultu bat promulgatu eta aske utzi dituzte bederatzi preso politiko. Eta gutako askorentzat, katalan askorentzat, haiek aske ikustea poztasun pertsonal izugarria izan da, arindu kolosala.

Baina denok dakigu hau beste pauso bat besterik ez dela. Indultuek baldintza batzuk dituzte, eta ikusiko dugu nola gauzatzen diren. Gainera, indultuek ez diete eragiten erbesteratuei, eta ez dira ezertxo ere herrialde honetan 2017ko erreferendumarekin eta independentzia aldarrikapenarekin lotuta orain arte auzipetu dituzten 3.000 lagun pasatxoentzat.

Hortik harago, batez ere, garai erabakigarri bat hasi da herrialde honen askatasunaren aldeko borrokan. Izan ere, indultu hau, Pedro Sanchezek zernahi dioela ere, Europaren presioagatik onartu dute nagusiki. Eta, alde horretatik, bitxia da orain zenbait politikariri eta kazetariri entzutea ulertezina eta kaltegarria zela bederatzi horiek kartzelan egotea, aintzat hartuta urteetan ez dutela ezer esan horri buruz, edo are txalotu egin dutela. Nolako koldarkeria eta miseria! Europako presioak, Espainiari mezu argi bat bidaltzeko balio izan du: indarkeriarekin, ez. Arazo politikoak metodo politikoen bidez baino ez dira konpondu behar. Mezu transzendentala da, indarkeriak baino ez baitio modua eman estatuari independentzia aldarrikapena geldiarazteko.

Aste honetan gertatu diren gauza guztien artean, hau da garrantzitsuena niretzat. Ez soilik Herrialde Katalanentzat, baita Euskal Herriarentzat eta Galiziarentzat ere. Azken batean, Espainiak jadanik ezin bagaitu geldiarazi kolpeka edo kartzela zigorrak ezarrita, horrek esan nahi du askoz gertuago daukagula askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.