ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bost urte

Vicent Partal.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Asteartean, Lluis Puig kontseilariaren estradizioaren inguruko auzi saioa izan zen Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, Belgikak hura estraditatzea ukatu eta gero. Espainiak protesta egin zuen Belgikaren erabakiagatik, eta epaiketa aurreko galdera bat aurkeztu; litekeena da galdera horren erantzuna oso garrantzitsua izatea Europa osoan, aurrekari gisa. Auzitegiak iragarria du abokatu nagusiak lehen ondorioak aurkeztuko dituela uztailaren 14an, eta handik aste batzuetara emango duela behin betiko erabakiaren berri —normalean, abokatu nagusiak adierazitakoak iragartzen du zein izango den behin betiko erabakia—.

EBko Justizia Auzitegia Europako botere judizialaren gailurra da, baina baita Espainiakoarena ere, eta auzi saio hau bereziki garrantzitsua da, baliteke-eta haren ondorioz erabat iraultzea Kataluniako egoera. Erabakiaren zain egon beharko da; izan ere, hain zuzen benetan independentea den auzitegi bat denez, alferrik da burua hausten ibiltzea. Espero zen bezala, auzi saioa oso gogorra izan zen, maila juridiko ikaragarrikoa, eta areto ikusgarri horretako hamabost epaileek gogor galdekatu zituzten alde guztiak.

Baina, azken epaia edozein dela ere, honaino iriste hutsa garaipen handia da Kataluniako mugimendu independentistarentzat eta erbestean daudenentzat. Bost urte hauetan piezaz pieza aritu baitira, pixkanaka, benetako boterea dagoen lekura iristea helburu hartuta, han auzitan jarri ahal izateko Espainiako Estatuaren jokabidea eta autodeterminazio erreferendumaren harira hark egindako zapalkuntza.

Urte hauetan bizi izan dugun guztia, beraz, bide baten parte izan da: bereziki, erbestearekin lotutako kontuak, atxiloketa guztiak, Puigdemonten Alemaniako eta Italiako espetxealdiak, euroaginduen bataila, europarlamentuko bataila... Bide horrek guztiak astearteko auzi saiora ekarri gaitu, eta auzi saio horrek esan nahi duen guztira, emaitza edozein dela ere. Lan handiko bost urte izan dira, bost borroka urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.