Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Aragones galtzaile ANCrekin lehian

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Aurten hamar urte betetzen dira independentziaren aldeko lehen manifestazio handia egin zenetik, prozesuaren gaur egungo faseari bide eman zion manifestazio hartatik. Eta, hamar urteren ondoren, pandemia gaindituta, Diadan kalea izan zen protagonista berriro. Nola, gainera. Irailaren 11n, ehunka mila pertsonak berriro ere hartu zituzten Bartzelonako kaleak. Zuek biok, Martxelo eta Maria, testigu izan zineten; beraz, ez naiz azalpenak ematen hasiko. Datuak albait gehien apaltzen dituztenek berek ere aitortzen dute manifestazio izugarri handia izan zela, iazkoa baino askoz handiagoa. Xehetasun politikorik garrantzitsuena da, ordea, Aragones presidenteak manifestazioaren aurkako jarrera hartua zuela, eta Esquerra Republicanak —ahoa betean ez esan arren— manifestaziora ez joateko deia egina zuela. Eta horrek, jakina, guztiz nahasi ditu politikaren urak.

Ez dut ulertzen zergatik aurre egin nahi izan zion Aragones presidenteak ANCri. Manifestazioak ez zuen, ezinbestean, gobernuaren kontrakoa izan behar, baina, presidentearen jarreraren ondorioz, jende pila-pila batek erabaki zuen kalera irtetea eta manifestazioa sokatira bihurtzea; eta, ezbairik gabe, Biltzar Nazionala atera zen garaile.

Baita garaipena ederki aprobetxatu ere. Izan ere, 48 orduko nahasmen txundituaren ondoren, presidenteak bilera bat egiteko eskatu zion ANCri, eta haren erantzuna hauxe izan zen: urtebete barru independentzia gauzatzeko plan bat mahai gainean jartzea. Hain justu ere, 2017an aldarrikatutako independentzia indarrean sartzeko plan bat proposatu du ANCk, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du, besteak beste, hiru alderdi politiko independentistek hilabete honetan bertan beren konpromisoa zehatz eta argi erakustea. Ez baldin badute konpromiso hori hartzen, ANCk kanpaina bat gidatuko du ERCren eta Junts Per Catalunyaren gobernua dimisioa ematera behartzeko, eta herritarren zerrenda independentista bat sortzea proposatuko du hurrengo hauteskundeetarako.

Ikusiko dugu nola egiten duen aurrera horrek guztiak, baina gauza bat behintzat oso argi dago jada: manifestazioaren arrakastak deuseztatu egin du independentzia prozesua loarazteko saialdia. Kaleak «kito» esan du, eta horrek, Katalunian, ondorioak izan ohi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.