Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Arameratik baskoierara

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bartzelonan bada idazle bat, jatetxe baten jabe delako ere oso ezaguna, Irakekoa baina jatorri asiriarrekoa dena eta arameraz hitz egiten duena. Aramera du familiako hizkuntza, jatorrizko ama hizkuntza.

Behin batean, irrati bateko tertulia batean fortunatu ginen biok, eta ausartu nintzaion eskatzera ea aitagurea errezatuko zigun bere hizkuntzan. Esan eta egin: une magikoa izan zen, hark errezatzen amaitutakoan aukera izan bainuen entzuleei oroitarazteko ezen aditu berri zituzten hitz haiexek bere hartan ahoskatu izango zituela Jesus Nazaretekoak behinola mendian egin zuen sermoi hartan, baldin eta Mateoren kontakizuna errealitatearekin bat badator. Arameraz milioi erdi lagunek hitz egiten dute gaur egun mundu osoan, eta galzorian dago izugarriro. Baina berdin dio zenbatek hitz egiten duten aramera, kontuan hartzen badugu hizkuntza horrek duen balio historiko izugarrizkoa. Aramera da munduko hizkuntzetatik baliorik handiena dutenetako bat, ezinbestekoa geure burua ulertzeko eta zer garen jakiteko.

Pius Alibek-en —hala izena baitu idazleak— eta aitagurearen pasadizo horretaz akordatu nintzen, hain zuzen, Irulegiko Eskuaren berri izan orduko, zeinak berresten baitu euskaldunen hizkuntza existitzen zela orain dela 2.100 urte gutxienez. Edonor harri eta zur uzteko modukoa da denboran halako segida bat izatea.

Aramera bezala, euskara hizkuntza ezin baliotsuagoa da. Beste inongo hizkuntzarekin ezin konparatuzkoa. Katalana, jakina, oso garrantzitsua da niretzat, eta galiziera Mariarentzat, baina katalanaren eta galizieraren balio objektiboa, edota okzitanierarena, italierarena, frantsesarena eta gaztelaniarena ez da euskararena eta haren aurrekoena bezain itzaltsua.

Azken batean, gu latinaren hondar batzuk gara, haren antzekoak, gutxi-asko, eta elkarren ahaideak; ezer berezirik ez. Euskara, ordea, distiratsua da gure aldean. Gaur egun norbaitek, zailtasun apur batez baina modu natural samarrean, irakurri ahal izatea duela 2.100 urte idatzitako testu bat, hori liluragarria iruditzen zait.

Hortaz, zorionak denoi hain sorioneku izateagatik, oraindik ere bi mila urteko hizkuntza batean hitz egiteagatik, eta oraindik ere hain menderaezin eta berezi irauteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.