Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eta festa handi bat izan zen Rambletan

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun

Marokoko futbol selekzioa munduko futbol txapelketako final-laurdenetan sartu zen asteartean. Lehenbiziko aldia du, eta lehenbiziko aldia da selekzio nazional arabiar bat final-laurdenetarako sailkatzen dena. Eta, logikoa eta espero izatekoa zenez, Europa osoan ere piztu zen festa, milioika herritar europar baitira jatorriz marokoarrak.

Hemen, Herrialde Katalanetan, han eta hemen bizi izan zen festa; baina, futbolaz hitz egitean tradizioak agindu ohi duenez, Canaletes iturrian pilatu zen batik bat, Ramblen hasieran.

Haraxe jo zuten milaka gaztek eta familiak, Marokoko banderak gora jasota, baina baita amazigen bandera hiru-kolorea eta beste herrialde arabiar batzuetakoak ere hartuta —Siriakoak eta Palestinakoak ikusi ziren asko—. Kirol arrakasta hori ospatzeko asmoz jo zuten hara: Vilaweb-eko lankide Alaaddine Azzouzik biharamunean idatzi zuen moduan, poza ekarri baitzion poztasunik izateko ohiturarik ez duen jende bati.

Eta festak luze jo zuen, eta ez zen inolako arazorik izan, eta ez zen ezertxo ere gertatu. Besterik gabe, jatorri marokoarreko milaka katalanek primeran pasatu zuten, eta jatorri askotariko beste hainbat herritarren konplizetasunaz gozatu zuten une oro. Eskuin muturrekoek mehatxu eta beldur giroa sorrarazi nahi izan zuten, istiluren batzuk gerta zitezkeelakoan, baina fantasia gaizbera batzuk baino ez ziren izan, non bizi den ez dakien jendeak asmatu ohi dituenak.

Azken batean, zer normalagorik eta sanoagorik kirol garaipen bat bozkarioz ospatzea baino, are gehiago kontuan harturik katalanok ez dugula selekziorik maila berean lehiatzen. Urteetan ikusi izan ditugu jatorri espainoleko katalanak beren selekzioaren garaipenak ospatzen. Eta, beharbada, munduko futbol txapelketa Argentinak edo Brasilek irabaziz gero, jatorri argentinarreko edo brasildarreko milaka katalan ere ikusiko ditugu garaipena ospatzen. Oraingoz, geure egingo dugu jatorri marokoarreko gure herrikideen poza. Eta geure, era berean, festa, berriro bete baitzituen Bartzelonako Ramblak, beste futbol gau batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.