Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Sei kilometro

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Sei kilometro jende, berriro. Zazpigarren urtez, jarraian. Albokoari galdetu beharrik ere gabe ez nor den, ez nondik datorren, ez eta zer bozkatzen duen ere. Bat eginik. Independentziaren alde, eta aldarrikatu zela aurki urtea betetzear duen errepublika horren alde. Sei kilometro jende errepresioaren aurkako erresistentzian, kartzelatzeak eta exilioa salatzeko ekinean, elkartasun bizian.

Irailaren 11ko Diadak markatu du hemen Katalunian udazken bero deritzogunaren tonua. Gobernua eta parlamentua bururik gabe uzteko operazioak funtzionatu du, baina mugimendua ezin izan da utzi bururik gabe. Eta horixe da Espainiak esku artean duen arazoa, larria oso. Beste zer egin dezake geldiarazteko gain-gainean dugun tsunami hori, etsi-etsian Espainiatik bereizirik gure estatu propioa ezar dezagun eta behingoz herrialdearen jabe izan gaitezen?

Mariano Rajoyk eta Soraya Saenzek, 155. abiarazi zutenean, ez zuten berehalakoan pentsatuko handik hilabete batzuetara telebista aurrean egongo zirela irudi berberei begira. PSOE, oraingoz, ez da bestelako ezer egiten ari; hitzak, eta, oraindik, ezta hori ere. Eta kalea, bultzaka.

Egoera halakoa izaki, ez dirudi arrazoizkoa epaiketa baten zain egoteak, zeinean, Generalitateko presidenteak berak esana duenez, ez baita epai onargarririk emango. Ezinago argi azaldu zuten ekitaldiaren amaieran hitz egin zuten abokatu biek: Aamer Anwarrek eta Ben Emersonek. Eta Pedro Sanchezi ere amaitzen ari zaio denbora, eta, berehala zerbait egin ezean, ez du inolako modurik izango beste matxinada baketsu, demokratiko eta herritar bat eragozteko. Moncloakoek ez dute erantzuten. Baina Bartzelonako kaleetan sei kilometrorainoko jende andana dabilkie, jasanak jasanagatik ere ibilian dabilena, minaren eta zailtasunaren jakinaren gainean orain. Eta konponbideak independentzian egon behar duela jakinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.