Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Bihar

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ezer arrarorik ezean—ezer are arraroagorik, esan nahi dut—, datorren astelehenean jakingo dugu zer sententzia emango duen Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako Gobernuaren, parlamentuko presidentearen eta herrialdeko elkarte sozial nagusietako buruzagien kontra. Absoluzioa litzateke sententzia onargarri bakarra, baina baztertuta dago aukera hori; beraz, sententzia edozein dela ere, protesta handiak eta ikusgarriak piztuko dira, eta zenbait egun iraungo dute, gainera. Itxura guztien arabera, orain arte ikusi ditugun protestez bestelakoa izango da: konfrontazio handiagoa sortuko da Espainiako estatuaren eta hura gidatzen duen erregimenaren aurka. Gure herrialdean inork ez daki nora iritsiko garen datorren astean, datorren hilean, baina sinetsita gaude ahalik eta urrunen helduko garela.

Badakigu hortxe izango dugula zuen elkartasuna, eta halaxe espero dugu. Eta eskertu ere bai. Bi independentzia prozesuen artean nolanahiko ezberdintasunak daudela ere, argi dago estatuarentzat berbera dela sokatira. Ez genuke ahaztu behar hori, are gutxiago gaur hasten den aste honetan, beharbada ezin konta ahal gauza gertatuko diren honetan.

Batez ere, iruditzen zaidalako ezen, gure —zuen eta gure— ahultasun agerikoak aztertzearen aztertzeaz, ez dugula garbi ikusten estatua ere izugarri ahula dela. Estatu horrek bortitz zapaltzen ditu Katalunia eta Altsasu —besteak beste—, eta modua du euskal preso politikoak kartzelan edukitzeko indarkeria amaitu ondoren ere, eta katalan terroristak daudela ere asma dezake bere gehiegikeriak zuritzeko. Min eta haserre handia eragiten du, bai; baina horrela ere ez du lortzen gu eraistea, eta, alderantziz, arrakalak sortzen ari dira haien artean, aste honetan bertan guardia zibilak piztutako tentsioak erakutsi duen bezala. Bihar egun garrantzitsua izango da Kataluniaren historiarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.