Beethovenen urtemuga

250 urte beteko dira aurten Ludwig van Beethoven konpositore alemaniarra jaio zela, eta urteurrena ospatzeko hainbat kultur ekitaldi izango dira mundu osoan, baita Euskal Herrian ere: Arriagak ikuskizun propioa ekoitziko du.

Alemaniako Bonn hirian Beethovenen urtemugaren harira egindako horma irudi bat. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
aitor biain
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Ludwig van Beethovenen ospakizun urtea da hasi berri dena. Konpositorea jaio zela 250 urte baitira aurten, eta urteurren hori urte osoan ospatuko dute han eta hemen. Zenbaezinak izango dira musikagile ezagunaren omenez mundu osoan barrena antolatuko diren ekitaldiak, eta askotariko formatua izango dute, gainera: kontzertuak, erakusketak, ikuskizunak, hitzaldiak... Euskal Herrian ere izango dira horietako batzuk.

1770eko abuztuaren 16an jaio zen musikagilea, Alemaniako Bonn hirian. Bertan igaro zuen haurtzaroa, eta bertan egin zituen filosofia ikasketak ere. Konpositoreak ondare oparoa utzi zuen, eta bere obraren balioa nabarmendu nahi du haren sorterriak orain, urtemugaren harira. Beethovenen konposizioetan oinarritutako hainbat kontzertu eta dantza ikuskizun antolatu ditu Bonneko operak, esaterako; tartean, haren sinfonia guztiak —bederatzi idatzi zituen, eta uste da hamargarrena ez zuela amaitzerik izan— joko dituzte munduko hainbat orkestrak. Izan ere, Beethovenek idatzitako notek oihartzun handia dute oraindik.

Konpositorearen obraren eta bizitzaren inguruko erakusketa bat ere antolatu dute haren sorterrian. Bundeskunthalle Bonneko museo federalean musikagilearen bizitzari lotutako dozenaka objektu ikus daitezke. Erakusketa zabalik da dagoeneko, eta apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai. Ondoren, Europako beste hiri batzuetara eramango dute, Bruselara, besteak beste. Edonola ere, Bonnen bertan, konpositorearen jaiotetxea ere bisitatu daiteke.

Beethoven Bonnen jaio bazen ere, Vienan hartu zuen abaro helduaroan. Bertan ekin zion, Haydnekin batera, musika ikasteari, eta bertan hil zen 1827an, gaixorik. Hiriak hileta ikusgarriak eskaini zizkion orduan, eta, orain ere ospakizun ugari izango dira Austriako hiriburuan, musikagilearen jaiotzaren urteurrenaren karietara. Liburutegi nazionalean erakusketa bat jarriko dute, eta musikagilearen lanak izango dira entzungai Kunsthistorisches artearen historia museoan.

Baina, nazioartean ez ezik, Euskal Herrian ere izango dira ospakizunak. Bilboko Arriaga antzokiak urteurren bikoitza izango du aurten, esaterako. Beethovenen jaiotzaren urtemuga ospatzeaz gain, antzokia inauguratu zela 130 urte beteko dira. Data horien harira, hainbat ikuskizun eraman dituzte dira antzokiaren egitaraura. Besteak beste, Missa Solemnis Beethovenen obran oinarritutako ikuskizuna zuzenduko du Calixto Bieitok. Arriagak Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera ondutako ekoizpen propioa izango da, eta ekainean estreinatuko dute.

Hendrix, Beatles, Lennon

Musikari lotutako beste urteurren batzuk ere izango dira aurten; mende erdia beteko da, adibidez, Jimmy Hendrix gitarrista hil zela, baita Paul McCarneyk The Beatles taldearen desegitea ofizialki iragarri zuela ere. Horiez gainera, berrogei urte beteko dira abenduan John Lennon New Yorkeko Dakota eraikinaren atarian hil zutenetik. Musikazale askok gogoratuko dituzte efemeride horiek.

Bestalde, Kroaziako Rijeka eta Irlandako Galway hiriak izango dira aurten Europako kultur hiriburutzaren egoitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.