Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Sardiniako hiri katalana

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Puigdemont presidentea L'Alguerren atxilotzeak eta ondoren askatzeak ezagutzera eman du gure herrialdetik kanpo nahiko ezezaguna den errealitate bat. L'Alguerren katalanez hitz egiten duen gutxiengo kulturalari buruz ari naiz.

Sardinia uharteko hiri horretan, hain zuzen ere, katalana izan da herri hizkera duela mende askotatik. Gaur egun, L'Alguer oso herri turistikoa da, berrogei mila biztanle ingurukoa, eta %20k edo %30ek katalanez hitz egiten dute oraindik ere. Azken hamarkadetan Herrialde Katalanetatik uhartera joan den turismoak hizkuntzaren inguruko interesa berpizten lagundu du, eta interes hori are nabarmenagoa izan da, batetik, hiriak Kataluniako preso politikoak defendatu dituelako, eta, bestetik, Espainiaren indarkeriaren aurka elkartasuna erakutsi duelako.

Hala eta guztiz ere, L'Alguerkoek oro har ez dute katalantzat jotzen beren burua, eta nahiago dute nazio aldetik sardiniar gisa identifikatu. Uste dute Sardiniako gutxiengo kultural katalan bat direla. Bitxia bada ere, Sardiniako herri hizkeran, L'Alguerkoak beti dira «katalanak». Gainerako sardiniarrek beti deitzen diete horrela, adjektibo horrekin.

Sardinia Mediterraneo erdian dagoen uharte bat da, mendeetan igarobide izan den uharte bat, eta hori da fenomeno horren jatorria, hau da, katalanez hitz egiteko arrazoia. Katalanez, hain zuzen ere, Sardinia katalanena zen garaitik hitz egiten da L'Alguerren, katalanek Mediterraneoan zituzten hainbat lurraldetako bat baitzen. Baina, izatez, bost hizkuntzatan hitz egiten da han normalki.

Sardiniera da hizkuntza ofiziala eta zabalduena, baina uhartearen iparraldean korsikeraz hitz egiten dute; Korsika itsasarte txiki batek bakarrik bereizten du Sardiniatik. Eta hegoaldeko uharte txiki batzuetan ligureraz ere hitz egiten da. Hizkuntza horiek guztiak italieraren mehatxupean daude, zeinak herrialdeko hizkuntza naturalak gutxitu dituen, azken hamarkadetan batez ere, hezkuntzaren eta hedabideen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.