Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Zintzoak eta gaiztoak

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Bi berri, batera, hobeto ulertzen omen dira. Eta aste honetan badira bi, biei batera begiratuz gero, ezinago argi ulertarazten dutenak nola funtzionatzen duten zenbait kontuk Espainiako Estatuan.

Bata: Auzitegi Nazionalak uko egin dio terrorismotzat jotzeari gertaera batzuk, zeinengatik kautela neurriak ezarri baitzizkieten bere garaian Tamara Carrascori eta Adri esaten dioten gazte bati. Biak ere CDR taldeetako kide izateagatik zituzten ikertuak. Kasu hura oso ospetsu egin zen, Tamara froga material batengatik baitzegoen inplikatua: Jordi Cuixaten irudia zuen maskara bat eta txilibitu bat aurkitu zizkioten etxean. Eta froga horiek nahikoa izan ziren, batetik, terrorismoz akusa zezaten eta agindu judizial bidez atxilotu bere herrian, Viladecansen, eta, bestetik, Adri Belgikara erbesteratu zezaten.

Kontrastea agerikoa da Manuel Murillo izeneko frankotiratzailearen kasuarekin: ustez, Pedro Sanchezen kontrako atentatu bat egin asmo zuen. Niri neuri ez zait oso sinesgarria iruditzen gizon horren istorioa; ez dut uste egin nahi omen zuen hori egiteko gai denik, baina iritziez harago gertaerak daude, eta horiek ez digute uzten zalantzarako tarterik. Etxean ez zioten aurkitu ez maskararik eta ez txilibiturik, baizik eta suzko hamasei arma. Justiziaren esku utzi dute mossoek, eta Auzitegi Nazionalak dekretu bidez ebatzi du horren kasua ezin dela terrorismotzat hartu, Tamararen eta Adrien kasuan gertatu zenaz bestera.

Zer irizpidek zehazten du hamasei fusil edukitzea eta Espainiako Gobernuko presidentea hiltzeko asmo adierazia izatea ez dela nahikoa terrorismotzat jotzeko, eta bai, aldiz, maskara bat eta txilibitu bat izatea etxean? Ezbairik gabe, bataren eta bestearen afiliazio politikoak. Izan ere, Martxelo, pentsa alderantziz gertatu izan balitz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.