Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Gose greba

2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Preso independentista katalanetatik lauk—Jordi Sanchezek eta Jordi Turull, Quim Fort eta Josep Rull kontseilariek— gose grebari ekin izanak aldatu egin du herrialdeko panorama politikoa, eta Kataluniako Gobernuaren eta Parlamentuaren kontrako epaiketaren pertzepzioa. Gose greban astebete emana dutelarik, zenbait erreakzio antzeman dira, eta horiek argi eta garbi aditzera ematen dute herrialdearen zati batek epaiketa hori legez kanpokotzat salatzearen alde egiten duela eta ez duela onartzen epaiketarik egin dadin ere; jarrera hori, oraintsu arte, gutxi batzuena baino ez zen.

Gose greba hori, batik bat, egintza bat salatzeko iragarri izan dute: Espainiako epaitegiak modu irregularrean ari direla jokatzen, preso politikoek ez dezaten izan Europako justiziara jotzeko ahalbiderik. Alde horretatik, greba kontrolatu bat da, eta ez du eragin nahi egoera itzulezin bat. Hori ez da eragozpen, nolanahi ere, ondorio fisiko larri nabarmenak eragiteko presoei.

Hala ere, salaketa jakin horretaz harago, grebak katalizatu egin du orain arte erreakzio ezkutu bat zena. Jende askok aipatu du epaiketa normal-normal egiteak hura legezkotzat onartzea dakarrela berekin. Jende askoren ustea da mundu guztiari agerian utzi behar zaiola kausa hori injustizia erabatekoa dela eta irregulartasun izugarriak dakartzala.

Orain arte, gehienbat, presoen erabakiak izan du pisurik handiena, zeinek nahiago baitute epaiketa egin dadin. Baina gose greba bera salaketa ageriko bat da, kartzela barrutik egindakoa, eta auziaren normaltasun hipotetikoa gaitzesten duena. Eta horrek erreakzio ugari eragin ditu, zeinak, dirudienez eta hasteko, 21ean eta Bartzelonan metatu baitira, haraxe agertu izaki Espainiako Gobernu osoa; Kataluniako Gobernuak berak ere «probokaziotzat» jo du agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.