Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Txantiloia

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Duela gutxi, Bilduko senatari Jon IƱarrituk ohartarazi zuen gerta zitekeela estatuak euskal txantiloia erabiltzea Katalunian. Esan, eta egin. Asteazkenean, polizia espainol kaputxadun batzuek atxilo hartu zituzten CUPeko bi alkate eta beste hamabi lagun, epaileen baimenik izan gabe. Atxiloketek ikaragarrizko oihartzuna izan dute. Manifestazioak egin dituzte hiri askotan, eta alderdi independentistek eta Comukoek alde egin zuten ordu batzuetan parlamentutik. Gobernuak kereila judizial bat aurkeztu du Espainiako Gobernuaren kontra. Atxiloketa horien bitartez, Espainiako Gobernuak ezinezko bihurtu du Kataluniako alderdiek baiezko botoa ematea Espainiako aurrekontuei.

Polizia ekintza horrek bat egin zuen oso bestelako albiste pare batekin. Batetik, Pedro Sanchezek mintzaldi bat egin zuen Europako Parlamentuan, eta, bestetik, Torrak bilera bat egin zuen AEBetako sei kongresukiderekin, Washingtonen.

Mintzaldi horretan, Sanchez estu eta larri ibili zen: alde batetik, hemizikloa hutsik zegoelako ia, eta bilduriko diputatuetako askok kartelak eraman zituztelako preso politiko eta erbesteratu katalanen aldekoak; bestetik, besteren hitzaldietan aditu behar izan zuelako nola eskatzen zuten preso horiek askatzeko, eta zein gogor kritikatu zuten Espainiaren jokabidea. Sanchezek aditu behar izan zuen nola konparatzen zuten Espainia Turkiarekin; kazetari batek galdetu zion ea iruditzen zitzaion Espainia demokrazia bat dela.

Torrak Washingtonen eginiko bileran, berriz,John Lewis izan zen, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren lider historikoa eta gaur egungo politikari estatubatuarretan errespetatuena. Bai batean eta bai bestean, argi geratu zen Espainiak galdu egiten duela independentziaren aldeko borroka demokraziaren aldeko bihurtzen duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.