ENBAXADA BILA

Ekin gogor Pedrori

Vicent Partal - VilaWebeko zuzendaria

2019ko otsailak 10
Bada, badirudi Espainia hausten ari dela. Katalunia baino lehenago. Ikusiko dugu zer pasatzen den gaur goizean Madrilen, baina gogor jotzen ari dira eskuin muturraren eta muturreko eskuinaren danborrak. Harako A por ellos, oé, oé aberkoi hura [ekin gogor haiei], zeina gogotsu hartu baitzuten Pedro Sanchezek eta Miquel Icetak urriaren 1eko erreferendumaren kontra egiteko, orain eman egurra Pedrori bihurtu da, eta pentsatzekoa da ez diela batere graziarik egingo.

Eta hori guztia, hutsaren truke. Kontalariaren, koordinatzailearen, notarioaren eta batek dakien zera horren figuragatik: PSOE haztamuka zebilen, ea lortzen zuen hain handia ez izatea aste honetan aurrekontuen gaian izango duen porrota. Badirudi Moncloan inork ez zuela zinez espero independentista katalanek aurrekontua onartuko zietenik, baina bizpahiru hilabete eduki nahi zituzten zerbait egiten ahalegintzeko, negoziazioan aritu bitartean. Baina ez ERCek eta ez PDECatek ez diote heldu amuari, eta behar den tokian jarri dute beren botoen langa: presoak askatzea, erbesteratuak itzultzea, autodeterminazioa nola erabili hitzartzea. Argi geratu da Kataluniako politika aldatu egin dela betiko, eta bukatu dela Madrilera joan behar izate hori norberarena zertan den galdetzera. Egia da asteazkenera arte zabalik utzi dutela negoziatzeko atea, hau da, bozketa egunera arte, baina asteartean hasiko da Kataluniako Gobernuaren, Parlamentuko presidentearen eta bi Jordien kontrako epaiketa; beraz, ia ezinezkoa da, edo ezinezkoa, botoa aldatzea.

Aldatzekotan, zerbait oso mamitsua eskuratu behar lukete trukean. Eta oraintxe Madrilen daukaten giroa kontuan hartuta, zaila baino zailagoa ematen du halako zerbait gertatzeak. Kataluniak lur jota utzi ditu erregimena eta egonkortasuna, eta erokeria politikoak goia jo du Espainian. Ondo pasa eta goza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna