Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Arraroak

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskunde hauek arraroak dira. Hemendik ikusita, Martxelo. Hasteko, arraroak dira bozetako bi zerrendaburu espetxean daudelako. Are gehiago: 549 eguneko bahiketaren ondoren, zer-eta prentsaurrekoa egiten utzi diete, ezer gertatuko ez balitz bezala —Jordi Sanchezek ostegunean egin zuen, eta Oriol Junquerasek, ostiralean—; Espainiako bandera eta monarkaren erretratua atzean, konturatu gabe Turkiako autoritateek Selahattin Demirtas lider kurduarentzat erabilitako eszenografia bera zela. (Hori, hain justu Europako Alderdi Sozialistako hamabost diputatuk Europako kontseiluari ohartarazi diotenenean Espainian eta Turkian eskubide politikoak urratzen direla).

Kanpaina arraroa izaten ari da. Ostegunera arte ez nuen kartel bakar bat ikusi kalean. Mitinak oharkabean igarotzen ari dira, eta badirudi zerbait gertatzen dela soilik eskuin muturrak eta muturreko eskuinak probokatzen dutenean.

Inkestek baieztatu dute independentismoa hazi egingo dela, eserlekuen ia erdiak lortzeraino, eta ERCk irabaz lezakeela. Kaleko pertzepzioak, ordea, ñabardura gehiago ditu, eta nik ez nuke apusturik egingo. Independentismoak aurrera egingo ahal du; baina ikusten ari naiz independentista asko PSOEri botoa emateko prest dagoela, Voxek goberna ez dezan—PSOE 155.aren errudun izango ez balitz bezala—.

Dena oraindik arraroago egiteko, Puigdemonten kontrako filtrazio berariazko batek jokalekuaren erdian jarri du hura, bigarren planoan zegoen honetan. Horrek animatu egin ditu esaten dutenak bigarren itzuli moduko bat izango dela hilabete geroago, Europako bozetan. Jende askori entzun diot hiru gauza bozkatuko dituela: bat hauteskunde bakoitzeko. Arraroa. Dena oso arraroa, Martxelo.

Bestalde, Vilaweb-ek debate batean subiranismo osoa elkartzea lortu zuen: Asens, Borras, Dante-Fachin eta Gomez del Moral. Erakutsi zuten hauteskunde kanpainan zentzuz eztabaida daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.