Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Estrasburgo

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Zantzu guztien arabera, Frantziaren eta Alemaniaren artean batera eta bestera ibilia den Alsaziako hiri horretan gertatuko da errepublika aldarrikatu zenez geroztik hasitako gudurik akaso garrantzitsuenarena, alde batera uzten badugu Alemaniako Auzitegiaren sententziak Espainiari eman zion kolpe latza.

Uztailaren 2an eratuko da Europako Parlamentua, eta Espainiak erabakia du Oriol Junqueras, Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatuek ezin dutela parte hartu biltzar horretan. Madrilek dio ez dela nahikoa herritarren botoak jasotzea, eta erritual propio bat bete beharra dagoela. Tesi hori ezinago nekeza da onartzeko, zulo bat irekiko bailuke Europaren gobernabidean, eta auzitegiek behin eta birritan adierazi dutenaren aurkakoa baita.

Baina haiek nahi izan dute gudua. Puigdemont presidentearen talde juridiko bikainak egin behar zuen huraxe egin du: dokumentazioz leporaino jantzi da, ez du zabalik utzi inongo aterik, eta badirudi gatazka Europako Batasuneko Justizia Auzitegiraino iritsiko dela azkenean. Baliteke auzitegiak kautela neurriak hartzea, edo baliteke erabakitzea gogoetarako hainbat hilabete hartzea, baina gertatzen dena funtsezkoa izango da. Puigdemont eta Comin beren aulkietan esertzen badira —Junquerasen kasua korapilatsuagoa da—, inoizko porrotik lotsagarriena izango da Espainiarentzat.

Eta ez hori bakarrik. Europako diputatu karguak berekin dakarren immunitatea dago jokoan. Immunitate horrek, Junquerasen kasuan, hura askatzeko betebeharra lekarke, eta, Puigdemonten eta Cominen kasuan, haien erbestealdia amaitzea esan nahiko luke, gutxieneko lege ondorio gisa.

Gobernu legitimoak erbesteratzea erabaki zuenean, domino operazioa deitu zioten operazioari. Bada, horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.