Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Irabaziko dugu

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Joan den ostegunetik, beste zazpi preso politiko katalan daude. Haien izenak: Xavier Duch, Ferran Jolis Guardiola, Eduard Garzon, Xavier Buigas, Germinal Tomas Aubeso, Alexis Codina eta Jordi Ros. Den-denak, Espainiako Guardia Zibileko bostehun kideko operatibo batek atxilotuak astelehenean, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek kartzelatuak ostegunean, terrorismoa egotzita kartzelatu ere, nahiz eta ez den inolako atentaturik izan eta ezerk ere ez duen frogatzen atentatu bat prestatzen ari zirenik.

Hain zuzen, Kataluniako Parlamentuko Politika Orokorreko Eztabaida bukatu zenean bertan jakinarazi zuten zazpiak espetxean sartu zituztela, eta hortxe ikusi genuen, lehen adibide gisa, gauzak aldatzen ari direla. Batzuek terrorismo hitzarekin xantaia egin arren, inor ere ez zen uzkurtu, eta parlamentuko gehiengo independentista tinko jarri zen atxilotuen babesgarri. Ciudadanosek, berriz, ikuskizun oies baten bidez erantzun zuen, mehatxuka.

Eta kaleak erantzun egin zuen. Berez, badira egun batzuk sumatzen dela nola zerbait aldatzen ari den; Auzitegi Gorenak aurki emango du sententzia, eta, aste honetako atxiloketen ondorioz, elkartasun olde bat sortu da, askotariko moduz azaleratu dena: besteak beste, lapiko jotzeak hasi dira berriro; hainbat herritan eta hiritan, manifestazioak izan ziren gauez, aurretik prestatu gabe; eta zenbait trenbide eta errepide ere itxi zituzten behin-behinean.

Gogorra izango da hau. Hain justu zuei, euskal herritarrei, ezer esplikatu beharrik ez dago, zeuen larruan bizi izan duzue eta. Gertatzen ari denak, baina, azken bi urteetan galdutako indarra berrituko dio independentismo katalanari: berritzen ari zaio dagoeneko. Nola aurrera egin asmatu ezinik ibili ordez, sumina zabaldu da, inola ere onartu ezin dugunaren gaineko sumina. Eta, hori oinarri hartuta, dena aldatzen da, dena ikusten da bestela. Irabaziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.