Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Galesak

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez dakit, Martxelo, telesailak gogoko dituzun; baiezkoan nago. Baina gogoko ez bazenitu ere, huts egin ezineko bat gomendatuko dizut: The Crown. Erresuma Batuko telesail bat da, eta ezinago zehazki eta basaki erretratatzen du Elizabeth II.aren bizitza politikoa eta pertsonala, bai eta haren familia bereziarena ere.

Telesaila monumentu zinematografiko bat da, handietan handienen parekoa. Eta tratatu erabatekoa botereaz eta hainbat pertsonak politikan duten eraginaz. Eta aktoreek ere ez dute parekorik.

Telesailaren hirugarren denboraldia joan den igandean estreinatu zuten; beraz, asteon lo gutxi eginda gabiltza denok ere, Wilsonen gobernuaren garaiari dagozkion kapituluak ikustearren. Kapituluen zerrendari gainbegiratu azkar bat egin orduko, atentzioa eman zidan bazela bat Galesi buruzkoa; izan ere, Ingalaterrako Charles Galesko printzipe moduan tronuratzeak polemika handia sortu zuen bere garaian, eta izugarri areagotu zuen nazionalismo gales antimonarkikoa.

Jakin-mina neukan ea telesailak zer-nola tratatzen zuen gai hori. Argi eta garbi, ez nuen espero ikuspegi independentista batetik jorratzerik, baina aitortuko dizut harritu egin ninduela —gertatutakoak samurtu egin badituzte ere— zer molde amultsu eta finean marrazten den galesen nazioa kapituluan barrena. Herri galesaren mendekotasun egoera berbera da, telesaila gorabehera, baina ohituta gaudenez espainolen zakarkeriara eta sotiltasunik ezera, sekulako zirrara eragiten du lehen kapitulua ikusteak.

Kapitulu horrek kontu bat gogorarazi zidan. Londresko aireportuan, pasaporteen kontrola pasatu eta gero, badute kartel handi bat zera dioena: Poliziak ondo tratatu ez bazaitu, kexatu egin behar duzu, eta gogoan izan: ingelesez zein galesez kexatu ahal zara. Irudikatzen al duzu halako kartelik Barajasen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.